Iñigo Martinezek min hartu du ezker hankako barne bikian
Iñigo Martinez Athleticeko jokalariari egin dizkioten proba osagarrien arabera, erdi mailako lesioa (II gradukoa) du ezker hankako barne bikiaren hurbileko gunean. Klub zuri-gorriko zerbitzu medikuak adierazi duenez, hurrengo egunetako bilakaerak zeha...
Athleticeko mutilen lehen taldeak orain gutxi hasi ditu 2018/19 denboraldiko lehen lan saioak Lezaman. Eduardo Berizzo entrenatzailearen agindupean denboraldi-aurrea prestatzen ari dira jokalariak, eta bosgarren lan saioan hartu zuen mina Martinezek. Sastada sentitu zuen ezker hanka atzean, bikiaren parean, eta entrenamendua utzi behar izan zuen, min hartutako tokian izotza ipinita. Barikuan emandako medikuen hasierako partearen arabera, «ezker hankako trizeps suralean» hartu zuen mina ondarrutarrak.
Ez dute zehaztu noiz bueltatu ahal izango den zelaietara, baina komunikabide batzuen arabera, hiru bat aste eman beharko ditu osatzen. Hortaz, baliteke aste honetan Amorebietaren eta Barakaldoren aurkako lagunarteko partiduak galtzea.
Era berean, lehen taldeak denboraldi-aurreko egonaldia egingo du uztailaren 23tik 29ra Herbehereetan, eta bertan Duisburgoko garaikurra jokatuko du Athleticek.