Beste bi bandera eta
erakustaldiz betetako asteburu bat. Urdaibai indartsu dago, eta orain arte jokoan egondako sei banderetatik bost Bermeora ekarri dituzte
Bou Bizkaiako arraunlariek. Zazpi estropadetatik seitan azkarrenak izan dira. Ondorioz, zortzi puntuko aldea ateratzen dio liga irabazteko aurkari zuzenari; 82 puntu ditu Urdaibaik, eta 74 Hondarribiak. 68 puntugaz Zierbena dago hirugarren postuan, eta atzetik Orio dago, 61 puntugaz.
Lur Uribarren Urdaibaiko patroia bandera astintzen, atzo.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Bermeoko taldeak 20 minutu, 16 segundo eta 56 ehunenetan burutu zuen atzoko estropada. Hondarribiak eta Oriok lehia estua eduki zuten VI. CaixaBank Banderaren bigarren postua lortzeko. Urdaibairengandik 12 segundo eta 42 ehunenera sailkatu zen Hondarribia, eta 12 segundo eta 84 ehunenera Orio. Estropadan zehar alde estua eduki zuten hirurek; lehen ziabogan Hondarribia izan zen azkarrena, Zierbena sartu zen segundo bakarrera, eta Orio eta Urdaibai hirura.
Carlos Mañas Urdaibaiko arraunlariak atzoko estropada amaitu ostean adierazi zuenez, orain arteko bideari jarraitzea da asmoa, apurka-apurka hobetzen joatea. “Asteburu borobila izan da, eta lanean jarraitzeko indarra ematen digute bi banderek”.
Bezperan 19 minutu, 39 segundo eta 14 ehunenetan burutu zuen Urdaibaik
XI. Donostiarra Kaiarriba Amenabar Bandera. Lehen ziabogan lehenengo sartu zen, baina, Hondarribiari segundo bakarreko aldea atera zion. Bigarrenean hondarribitarrak izan ziren azkarrenak, eta bi segundora sartu ziren bermeotarrak. Amaieran, Hondarribiari 9 segundo eta 68 ehuneneko errentagaz nagusitu zitzaion Urdaibai. Zierbena sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik 10 segundo eta 48 ehunenera. Bigarren txandako denborarik onena eginda, Orio izan zen laugarrena.
Cristofer Fernandez Urdaibaiko arraunlari moañarrak zapatuan esan zuenez, hasieratik bazekiten estropada Hondarribiagaz borrokatu beharko zutela: “Astero-astero egurra ematen digu, eta bagenekin gaur azkenera arte eutsi behar genuela. Hirugarren luzean estutzen hasi gara, eta hor errenta handitzea lortu dugu”.
Seitik sei. Bestalde, batelerak ere geldiezinak direla erakusten ari dira denboraldi hasiera honetan. San Juanek bere nagusitasuna berretsi du asteburuan. Talde bermeotarrarentzat eta talde san juandarrarentzat izan baitira Donostiako eta Castroko Banderak.
San Juanenangik 4 segundora sailkatu zen Orio atzo. GU Arraun irabazlearengandik 19 segundora sartu zen, eta Hondarribia 25 segundora. Zapatuan ere hurrenkera horretan amaitu zuten lehia Euskotren Ligako lau taldeek.