Ahots zurien Akelarre musikala dakar Emekik
Kepa Junkeraren infernuko hauspoak girotuta, Sorginak taldeagaz batera taularatuko dira etzi Emekiko hamasei kantariak. Euskal folklore tradizionaleko bospasei kanta abestuko dituzte Unin.Hamar urte bete dira Markina-Xemeingo Emeki korala sortu zela, e...
Kepa Junkeraren infernuko hauspoak girotuta, Sorginak taldeagaz batera taularatuko dira etzi Emekiko hamasei kantariak. Euskal folklore tradizionaleko bospasei kanta abestuko dituzte Unin.
Hamar urte bete dira Markina-Xemeingo Emeki korala sortu zela, eta urteurrena aitzakia hartuta, kontzertu berezia emango dute Karmen jaietan. Kepa Junkera eta Sorginak taldeagaz batera taularatuko dira Emekiko hamasei kantariak etzi, 22:00etatik aurrera, Uni frontoian.Emekikoek abentura berriari ekingo diote oraingoan, eta Yolanda Loira Mugartegi zuzendariak aurreratu duenez, koraleko kantariak etziko ikuskizunaren parte izango dira. Izan ere, protagonismoa Kepa Junkera trikitilariari eta sorginei utziko die. «Euren kontzertua emango dute, eta guk hor barruan parte hartuko dugu, beraien errepertorioan oinarritutako bospasei kanta abestuaz. Batez ere, lehengo euskal folklore tradizionaleko kantuak eskainiko ditugu».
Loirak ezer gutxi aurreratu badu ere, soinuak, panderoak, ahotsak eta dantzek girotutako ikuskizun herrikoia eta jai giro ederrekoa izango dela azaldu du. Eta ezustekoz beteta datorrela gaineratu du. «Ez dugu abestuko bakarrik. Eszenan jartzean ere aktiboki parte hartuko dugu». Bere ustez, gainera, Sorginak taldeko nesken eta Emekikoen ahotsak ondo ezkonduko dira Uniko horma artean. «Asko entseatu dugu, eta taulagainean oso ondo konponduko garela uste dut».
Datorren kontzertua prestatzea erronka handia izan da herriko abesbatzarentzat. Eta Kepa Junkeraren mailako musikari bategaz agertokia partekatzeko irrikitan daudela aitortu dute. «Ilusio handia egiten digu gure hamargarren urteurreneko lehen kontzertua mundu mailan hain ezauguna den Kepa Junkera moduko musikari euskaldun bategaz eta Sorginekin batera egitea. Guretzako sekulako plazerra da».
«Apurtzailea»
Urteurreneko lehen kontzertuaren harira, esperientzia berezia bizitzeko aukera izango dutela diote. «Urtero kontzertu oso bat eman ohi dugu, eta hor beti errepertorio zabala eskaintzen saiatu izan gara. Beti saiatu izan gara errepertorio aldetik gauza berriak probatzen, abestu ditugun kantuentzako koreografiak asmatzen… Urtetik urtera gauza berriak egin eta mugak gainditzen joatea gustatu zaigu, egia esan. Aurten, berriz, zerbait desberdina egitea pentsatu dugu urteurrenerako, eta kontzertu koral bat eskaini ordez, zer edo zer apurtzaileagoa eskaintzea erabaki dugu».
Era berean, ikuskizuna jende gehiagorengana iristeko asmoagaz, elizatik kanpora emango dute kontzertua; frontoian, hain zuzen ere. «Maila honetako kontzertu bat emateko ez du behar besteko sonoritate onik, baina jente asko hartzeko tokirik aproposena frontoia dela iruditzen zaigu».
Gogorarazi dutenez, kontzertua doakoa izango da, eta musikazale guztiak bertaratzera gonbidatu dituzte.
Markina-Xemeingo Udalari eta Uni frontoiko arduradunei eskerrak eman nahi izan dizkiete, azkenik, kontzertua gauzatzeko aukera emateagatik. «Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu, proiektu honi eman dion bultzadagatik».