Bozeramaile gisa eman dituen hiru urteek gehi zinegotzi lanetan aritu den lau urteek “udalaren funtzionamenduaren eta herritarren beharrei buruzko lehen eskuko ezagutza” eman diotela adierazi du Abaroak.
Aritz Abaroa, Bermeoko EAJren alkategaia
“Udalerriaren etorkizuna lantzeko proiektua” eskainiko dutela aurreratu du alkategaiak, herriak behar duena “bere etorkizuna
zehazten eta eraikitzen joatea” delako. Horrela, udalerriko alderdikideek udaleko talde jeltzaleko bozeramaileak “azken urteetan egin duen lanari jarraipena ematea hobetsi dute” aho batez. Abaroak aukeraketa prozesuan alderdikideek erautsi dioten “konfiantza eta babesa” eskertu ditu, eta konfiantza horri “erantzukizunez” erantzungo diola adierazi du.
Orain arteko zinegotzi eta EAJko udal bozeramaileak “bere jaioterriko alkatetza berreskuratzeko ahaleginari” ekingo diola aldarrikatu du, eta horretarako
“ilusioa piztuko duen” proiektua eskainiko duela azaldu du, herritarrek “merezi duten kalitatezko etorkizuna” ahalbidetuko duena.
Herritarrek “Bermeon bizi, lan egin eta gozatu” nahi dutela azpimarratu du, eta horretarako, bere helburu nagusia “herri gisa eta gizarte gisa” aurretik dituen “erronkak betetzeko aukerak” emango dituen udalerria lortzea eraikitzea izango dela aurreratu du alkategaiak.
Helburu hori gogoan hartuta, zerrendaburuak “argi baino argiago” dauka aurretik egiteko duen lana. Bere helburua “Bermeoko Udala kudeaketa eredu irekira eramatea” dela adierazi du, “gardentasunean eta parte hartzean oinarrituta, eta kontuak argi eta garbi azaltzea xede”. Abaroaren berbetan, “irizpide argiz eta batasunez lan egiteko konpromisoa” dauka.
“Kudeaketa zorrotza”. Bermeok aurretik dituen urteei herrian “ilusioa sortuko diten proiektuekin” ekin behar dutela azaldu du alkategaiak, “etorkizunari erabakimen osoz begira diezaiogun”. Era berean, “kudeaketa zorrotza, zerbitzu publikoak hobetu beharra, auzoei eman beharreko babesa eta garapen ekonomiko eta soziala aldarrikatzen” jarraituko dutela adierazi du, “Busturialdeko eskualde osoan”.