Lekeitioko Dominiken 650. urteurrena ospatu dute
Ordezkari politikoek mojek egiten duten lana azpimarratu dute. Udal ordezkariez gain, lehendakariak eta beste politikari batzuek ere ekitaldian parte hartu duteZapatuan 650 urte bete ziren Don Tello Lopez de Harok Lekeition Santo Domingo monasterioa so...
Ordezkari politikoek mojek egiten duten lana azpimarratu dute. Udal ordezkariez gain, lehendakariak eta beste politikari batzuek ere ekitaldian parte hartu dute
Zapatuan 650 urte bete ziren Don Tello Lopez de Harok Lekeition Santo Domingo monasterioa sortzeko bidezko pribilegioak eman zituenetik, eta orduan sortu zen Ama Domingotarren elkartea. Urteurrena ospatzeko ekitaldia zapatuan bertan egin zuten, eta han egon ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta udaleko beste ordezkari politiko batzuk, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea eta Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurumeneko diputatua.Erakundeetako ordezkariek Gernikako Arbolaren kimu bat oparitu zieten Dominikei. «Ez da erraza izan zer oparitu erabakitzea. Azkenean, baina, gure nortasunaren eta gure eskubideen lorpenen ikur den arbolaren kimua oparirik onena zela erabaki genuen», azaldu zuen Goitiak. Halaber, esker oneko hitzak eduki zituen mojentzat, eta urte osoan egiten duten lana eskertu zien. «Urte askoan jarrai dezatela berdin».
Gaur egun komentuan hamabost moja bizi dira, eta horietatik bakarra da lekeitiarra. «Orain moja gehienak afrikarrak dira, Kenyakoak», azaldu zuen Maria Elena prioreak. Kanpotik etorritako «ahizpei» esker ona agertu nahi izan zien, «poztasuna eta aberastasun kulturala» ekarri dutelako. Horren adibide izan zen bai eta ere Afrikatik etorritako mojek eskainitako musika eta dantza ikuskizuna. Aurretik, Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko kideek Emakumeen Dantza egin zuten.
Otaduik Ama Domingotarrekin daukan lotura aipatu zuen, eta ostean oparitutako kimua Gernikako Arbolarena dela ziurtatzen duen agiria eman zion prioreari.
Bestalde, Mario Izeta Bizkaiko gotzainak Francisco Aita Santuak Dominikei bidalitako mezua irakurri zuen. Besteak beste, mojek egindako lan guztia eskertu nahi izan zuen Aita Santuak.
Urteurrenaren harira, uztail osoan komentuaren historia jasotzen duen erakusketa egongo da ikusgai, komentuan bertan.