Mutriku eta Deba batzen dituen zubiaren zati bat hondoratu da
Bi herrietako alkateek adierazi dutenez, «oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik» erori da zubia. Erdiko zutabea kaltetuta dago, eta lanek luze joko dutela aurreikusten duteAtzo 05:15ak aldera Mutriku eta Deba batzen dituen harrizko zubiaren zati...
Bi herrietako alkateek adierazi dutenez, «oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik» erori da zubia. Erdiko zutabea kaltetuta dago, eta lanek luze joko dutela aurreikusten dute
Atzo 05:15ak aldera Mutriku eta Deba batzen dituen harrizko zubiaren zati bat hondoratu zen. Mutrikuko eta Debako alkateek agertu dutenez, «oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik» erori zen zubia.Mutrikuko Urazamendi auzoa eta Debako Maxpe auzoa batzen ditu zubiak, eta erdiko zutabeak jasotako higadura dela eta, zutabea hondoratu eta gaineko zubi begiko kareharri grisez estalitako harlanduzko zatiak jausi ziren zehazki goizaldean uretara. Zubiak hiru zutabe ditu, eta erdiko zubi begi bateko harriak erori dira oraingoz. Alboko zubi begian ere kalteak nabariak dira, arrakalak ikusten dira.
Zubiaren parez pare bizi diren Ibaigan etxekoek goizaldean zaratarekin esnatu ziren. «Zubiko harri zatiak uretara erortzen sumatu ditugu», adierazi zuten. Auzotarrek esan zutenez, gainera, zubia hondoratzen hasi zen unean bi arrantzale zeuden zubian.
Zati bat erori zela jakitean, Mutriku eta Debako udal teknikariak eta alkateak bertaratu ziren, egoera aztertzeko. Izan ere, zubiaren heren baten jabetza du Mutrikuko Udalak, eta beste bi herenaren jabetza du Debako Udalak 2007tik. «Bi udalak konponbide onenak bilatzeko lanean ari dira, arazoa lehenbailehen bideratuta dadin».
Udal teknikariek azpiegituraren egoera aztertuko dute, dagoenari eutsi ala berriz eraiki erabakitzeko. «Gaur ingeniariek neurketa batzuk egin dituzte, eta bihar bueltatu dira berriro, zubia mugitu den edo ez jakiteko», agertu zuen atzo Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Gaineratu zuenez, lanek luze joko dutela aurreikusten dute. Bi udalak, euren aldetik, harremanetan jarri dira Portu Zuzendaritzarekin, Itsasertz Zerbitzu Probintzialarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuarekin.
Zubiaren sarbideak itxita
Segurtasuna bermatzeko, aldiz, zubiaren sarbide biak itxi zituzten atzo goizean. Zubiaren itxierak ez du zirkulazio arazorik eragin, berau oinezkoek bakarrik erabiltzen dute eta. 1866an irekitako zubia 2006an itxi zuten ibilgailuentzat, Sasiolako zubia ireki zutenean, hain zuzen.
Zubia ixtean, berriz, Mutrikuko Urazamendiko auzotarrak Debara duten «pasaleku natural» gabe geratu dira. 100 familia inguru bizi dira auzoan, eta kezkatuta agertu dira. Askok Deban egiten dute bizimodua eta edozertara joaten dira Debara; erosketak egitera, sendagilearengana, hondartzara, lanera… eta arazoari lehenbailehen konponbide bat ematea eskatu dute.
Mutrikuko udal iturriek euren aldetik, autobusa Urazamendin gelditzea eskatu zuten, eta eskaera hori atzo bertan onartu zuten. Hala, zubia itxita dagoen bitartean, autobusak bi norazkoetan geldituko dira, orduro.