Lointekek etxean hasiko du Eurokoparen sailkapen fasea
Taldekako fasera pasatzeko, Basket Namur Capitale talde belgikarra gainditu beharko du sailkapen kanporaketan. Lau talde daude aurreko fase honetanLointek Gernika Bizkaiak Belgikako Basket Namur Capitale taldearen kontra lehiatuko du EuroCup Women txap...
Taldekako fasera pasatzeko, Basket Namur Capitale talde belgikarra gainditu beharko du sailkapen kanporaketan. Lau talde daude aurreko fase honetan
Lointek Gernika Bizkaiak Belgikako Basket Namur Capitale taldearen kontra lehiatuko du EuroCup Women txapelketaren sailkapen kanporaketa. Gernika-Lumoko taldeak etxean jokatuko du joaneko partidua, eta bueltakoa Belgikan. Iaz moduan, aurten ere, Lointeken etxeko partiduak Bilboko Casillan izango dira.FIBA Europak aurreko astean jakitera eman zuen talde gernikarrak sailkatze kanporaketa lehiatu behar duela EuroCup Women txapelketaren taldekako fasera pasatzeko.
Atzo goizean Munichen (Alemania) egin zuten sailkapen kanporaketen neurketak erabakitzeko zozketa.
FIBA Europak urriaren 9an eta 12an ezarri zituen partiduko datak, baina beste egutegi bat zehaztea espero du klub gernikarrak. Izan ere, urriaren 12an hasiko dute Dia Liga.
Klubaren zuzendaritza taldeko Maite Etxandia eta Ana Hormaetxe Municheko zozketan egon ziren atzo, eta adierazi dutenez, klub belgikarraren ordezkariekin berba egiten hasi dira, joaneko zein bueltako partiduen datak lehenbailehen zehaztu asmoz.
Lau talde daude Eurokoparen aurre fase horretan, eta bi bakarrik pasatuko dira taldekako fasera. Beste sailkatze kanporaketa Nantes Reze (Frantzia) eta VOO Liege Panthers (Belgika) taldeen artekoa da.
Taldekako fasean 40 talde egongo dira, hamar multzotan banatuta. Multzo bakoitza lau taldek osatuko dute.
Lointek Gernika Bizkaiak taldekako fasea lehiatzeko txartela lortuz gero, Spar Citylift Girona (Herrialde Katalanak), Uni Gyor (Hungaria) eta Clube Uniao Sportiva (Portugal) taldeen kontra jokatu beharko luke. Hain zuzen ere, lehenengo partidua Gironan lehiatuko luke.