Kanadara, proba egitera eta ondo pasatzera
Ander Txakartegi, Xabat Arrate, Iban Amias, Oier Aurrekoetxea eta Joseba Albisua Helmugak Eusport proiektuko kideak Canada BC Bike Race lasterketa egiten hasiko dira etzi. Proba «oso gogorra» dela diote.Helmugak Eusport proiektuko bost kide mundu mai...
Ander Txakartegi, Xabat Arrate, Iban Amias, Oier Aurrekoetxea eta Joseba Albisua Helmugak Eusport proiektuko kideak Canada BC Bike Race lasterketa egiten hasiko dira etzi. Proba «oso gogorra» dela diote.
Helmugak Eusport proiektuko bost kide mundu mailako beste proba bat egiten hasiko dira etzi: Canada BC Bike Race lasterketa. Zazpi etapatan banatuta, zazpi egunetan 321 kilometro egingo dituzte txirrindu gainean. Ondokoak dira proba egingo dutenak: Ander Txakartegi (Berriatua), Xabat Arrate (Markina-Xemein), Iban Amias (Ispaster), Oier Aurrekoetxea (Bermeo) eta Joseba Albisua (Zumarraga).Bostak gaur goizean atera dira Kanadarantz, eta ordu aldaketagaz, iluntzerako ailegatuko dira. Ilusioz beteta eta ondo pasatzeko helburuagaz doazela esan dute.
Txirrindu gainean jarri eta kilometroak egiten abilak badira ere, proba «oso gogorra» dela diote. «Oso teknikoa da, eta etapa batzuetan ere desnibel handia dago. Lasterketa egin zuen batek esan digu benetan gogorra dela», dio Txakartegik.
Besteren artean, Titan Desert eta Mongolia Bike Challenge probak egindakoa ere bada berriatuarra, baina Kanadakoa guztiz ezberdina dela iragarri du. «Basoetan barrena ibili behar gara txirrinduagaz, eta ibilbidea ez dago asfaltatuta; sustrai artean eta abar ibili behar gara. Diotenez, paisaia ikusgarriak ikusiko ditugu».
Guztira, 36 herrialdetako 650 txirrindularik egingo dute lasterketa. «Izen ematea zabaldu eta 23 ordutan leku guztiak bete ziren».
Bataz beste, etapa bakoitza hiru eta sei ordu bitartean egingo dute. «Nik uste gu lau eta bost ordu tartean ibiliko garela». Parte hartzaile guztien artean gizonezkoak dira gehienak (%85).
Aurretik Mongolian eta Marokon egindako probetan ez modura, oraingoan tenperaturak nahikoa baxuagoak izango direla esan du. «28 eta 30 gradu inguruko tenperaturetan ibiliko gara, eta baso barruan ibiliko garenez, han freskoago egoten da, eta nahikoa ondo ibiliko garela uste dugu».
Desnibel handiena daukan etapa 4. etapa bada ere (1.768 metro), zailena azken etapa izango dela dio. «Aurreko urteetan azken etapa horregaz hasten zen lasterketa. Aurten, baina, azkenerako utzi dute».
Azken eguneko asmoa
Bostak batera joango direla aurreratu du. «Gu proba egitera eta ondo pasatzera goaz, eta nahikoa batuta joango gara etapa guztietan».
Etapa guztiak eginda, eta etxerako bidea hartu aurretik, bestelako asmorik ere badaukatela argitu dute. «Uztailaren 14an Vancouverren bizi diren euskal- dunak batu egiten dira, eta gure asmoa da egingo duten jai edo parrilladara ailegatzea».
Txirrindu gainean ordu asko pasatakoak dira bostak, eta mendirik garaienak edo kilometro asko eta askoko ibilbideek ere ez dituzte beldurtzen. Hori bai, azken denboraldian topera entrantzen ibili direla diote.