Belgikako Basket Namur Capitale taldearen kontra lehiatuko du Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup-eko sailkapen kanporaketa
FIBA Europak aurreko astean jakitera eman zuen talde gernikarrak sailkatze kanporaketa lehiatu behar duela EuroCup Women txapelketaren Taldekako Fasera pasatzeko.
Gaur goizean Munichen (Alemania) egin dute sailkapen kanporaketen neurketak erabakitzeko zozketa. Gernika-Lumoko taldeak etxean jokatuko du joaneko partidua, eta bueltakoa Belgikan. Iaz moduan, aurten ere, Lointeken etxeko partiduak Bilboko Casillan izango dira.
FIBAk urriaren 9an eta 12an ezarri zituen partiduko datak, baina, beste egutegi bat zehaztea espero du klub gernikarrak. Izan ere, urriaren 12an hasiko dute Dia Liga. Iaz moduan, Ope Day egingo dute aurten ere. Klubaren zuzendaritza taldeko Maite Etxandia eta Ana Hormaetxe Municheko zozketan egon dira, eta adierazi dutenez, klub belgikarraren ordezkariekin berba egiten hasi dira, joaneko eta bueltako partiduen datak lehenbailehen lotzeko.
Lau talde daude EuroCup-aren aurre fase honetan, eta bi bakarrik pasatuko dira Taldekako Fasera. Beste sailkatze kanporaketa Nantes Reze (Frantzia) eta VOO Liege Panthers (Belgika) taldeen artekoa da.
Taldekako Fasean 40 talde egongo dira, hamar multzotan banatuta. Multzo bakoitza lau taldek osatuko dute. Lointek Gernika Bizkaiak Taldekako Fasea lehiatzeko txartela lortuz gero, Spar Citylift Girona (Herrialde Katalanak), Uni Gyor (Hungaria) eta Clube Uniao Sportiva (Portugal) taldeen kontra jokatu beharko du. Hain zuzen, lehenengo partidua Gironan lehiatuko luke.