Arane kiroldegian larrialdietarako irteera bat egitea eskatu du EAJk
Erabiltzaileen «segurtasuna bermatzeko» beharrezkoa dela diote. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, 2006ko txosten baten arabera arriskutsua da 100 pertsonatik gorakoentzako ekitaldiak egiteaBermeoko EAJk Arane kiroldegian larrialdietarako irteera bat egi...
Erabiltzaileen «segurtasuna bermatzeko» beharrezkoa dela diote. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, 2006ko txosten baten arabera arriskutsua da 100 pertsonatik gorakoentzako ekitaldiak egitea
Bermeoko EAJk Arane kiroldegian larrialdietarako irteera bat egitea proposatu du. Esan duenez, 2006an egindako txosten tekniko batean irteera horren beharra azaltzen zen, eta oraindik egin barik dagoela salatu dute.Gai hori atzo goizean egin zuten osoko bilkuratik kanpo utzi zutela adierazi zuen Aritz Abaroa EAJko bozeramaileak, eta gogora ekarri zuenez, aipatutako txostenaren arabera, larrialdietarako irteera hori egin arte instalazioetan ezin izango da «100 pertsonatik gorakoentzako ekitaldirik egin». Beraz, kiroldegiko segurtasun neurriak bermatzeko, larrialdietarako irteera bat egitea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen bozeramaileak.
Azken urteetan txostenean esandakotik «kanpoko baimenak» eman direla diote jeltzaleek, eta 2018an, zehazki, «lau dekretu izenpetu» direla ekitaldiak baimenduz, «txostenean esandakoari men egin barik».
Larrialdietarako irteerari buruz hitz egiten duten lehen aldia ez dela azpimarratu zuen Abaroak. 2011. urtean neurri horiek hartzeko proiektua eta lanak egiteko diru partida prest zegoela eta horiei buruz «ez zela gehiago jakin» adierazi zuen.
Hori dela eta, aipatutako proiektua «egokitzea» eskatu zuten jeltzaleek, eta joan den urteko kutxako soberakinekin larrialdi kasuetarako horren beharrezkoa den irteerarako lanak aurtengo ekitaldian egitea.
Abaroak nabarmendu zuenez, «araua bete gabe uzteak erantzukizun penalak ekarri ditzake», eta «ezer gertatuz gero EH Bilduren gobernu taldeak erantzukizun horiek bere gain hartu beharko lituzke».
Gobernu taldea gehiengorik barik eta aurrekontu luzatuagaz gobernatzen ari dela «konturatu gabe» jokatzen ari dela esan zuen, eta «daukan jarreragaz herritargoaren kontra» jartzen dela. Atzoko osoko bilkuratik kanpora utzitako eskaera berriz ere mahai gainean jarriko dutela baieztatu zuen.
Beste lehentasun batzuk
Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak jeltzaleen proposamenari erantzun zion, eta esan zuen larrialdietarako irteera hori edukitzea kiroldegiko segurtasuna bermatzeko «garrantzia handikoa» dela eta horren erantzukizuna beraiena dela. Hala eta guztiz ere, aurrekontuan «lehentasuna» beste alor batzuei eman dietela esan zuen, esate baterako, Zarragoitxi kalean egindako inbertsioei.
Joan den urteko kutxako soberakinak ere aipatu zituen alkateak, larrialdien irteera egiteko beste ez dagoela nabarmenduz. «Ez da hain erraza, bestela irteera dagoeneko eginda egongo zen», adierazi zuen. Gaur egun kutxan dagoena ez dela nahikoa esanaz bukatu zuen azalpena.