Sollubetik doan Bizkaibus zerbitzua uda garaian domeketan eta jai egunetan mantentzeko eskatu dute
Bermeoko Udalak egin dio eskakizuna Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bizkaibus A3527 linea, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duena, hain zuzen ere, domekatan eta jai egunetan udan ere eskaintzeko eskatu dute. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, “udan Bizkaiko Foru Aldundiak linea hori domeka eta jai egunetan kentzen du”, eta bermeotarrentzat “garrantzitsua” da zerbitzu hori egun horietan eskaintzea, are gehiago, kontuan hartuta, “Bermeok jai garrantzitsuak hartzen dituela egun horietan, esate baterako, aurten Madalenak domekan izango dira”.
Ibarrolazak adierazi duenez, udan ere A3527 linea domeka eta jai egunetan mantentzea “beharrezkoa dela” uste du, bai kanpotik Bermeora datozen pertsonentzat bai Bermeotik jai egun eta domekan Bilbora joan nahi dutenentzat, eta linea hori zergatik kendu behar den “ez dutela ulertzen” azaldu du.
Alkateordearen berbetan, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaera onartzea “espero du” ; eta A3527 linea martxan izatea. “Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko autobusen maiztasuna herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa” dela, eta horrela zerbitzuaren kalitatea “hobetuko dela” nabarmendu du.