Lea-Artibaiko taldeak ez du lortu Euskotren Ligarako txartelik
Denboraldi honetan Euskotren Liga jokatuko duten lau traineruak erabakitzeko bi kanporaketa lehiatu dituzte asteburuan, Sestaon eta Zierbenan.Lea Artibai arraun taldea ez da egongo Euskotren Ligan; azken postuan sailkatu da Sestaoko Udala Banderan eta ...
Lea Artibai arraun taldea ez da egongo Euskotren Ligan; azken postuan sailkatu da Sestaoko Udala Banderan eta Petronor Banderan.
Zapatu arratsaldeko erlojupekoa 12 minutu, 50 segundo eta 52 ehunenetan amaitu zuen Lea Artibaik. Domeka eguerdian, berriz, 12 minutu, 9 segundo eta ehunen bakarreko denboragaz amaitu zuten estropada.
Hain zuzen, kanporaketa bietako emaitzak batuta, iazko liga irabazle San Juan, Orio, Hondarribia eta GU Arraun taldeak ariko dira zein baino zein gehiago uda honetan.
Batelerek euren nagusitasuna erakutsi dute asteburuko bi estropadak irabazita. 11 minutu, 6 segundo eta 4 ehuneneko marka lortu zuten zapatuko erlojupekoan, eta 10 minutu, 42 segundo eta 73 ehunen markatu zuten domekan.
Lehen bien arteko lehia
Era berean, Orioko arraunlariek ere asteburu borobila eduki dute; bi estropadetan bigarrenak izan dira sailkapenean. Domekan, sanjuandarrengandik 8 segundo eta 26 ehunenera sailkatu ziren. Zapatuan, ostera, alde estuagoa egon zen lehenengo bien artean. Orio San Juanengandik 4 segundo eta 14 ehunenera sailkatu zen erlojupekoan.
Domekan, GU Arraun sailkatu zen hirugarren postuan, eta Hondarribia laugarrena izan zen. Aurreko egunean, hondarribitarrak izan ziren hirugarren sailkatuak eta donostiarrak laugarrenak.