Bermeoko EAJk azaltzera eman duenez, 2006an Arane kiroldegian egin zen
txosten tekniko batean eraikinean larrialdietarako irteera bat egin beharra zegoela adierazten zen. Irteera hori oraindik egin barik dagoela salatu dute, eta kiroldegiko
segurtasun neurriak bermatzeko ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.
Gai hori gaur goizean egin duten Osoko Bilkuraren kanpo utzi dela salatu du Aritz Abaroa EAJko bozeramaileak. Gogora ekarri duenez, aipatutako txostenean larrialdietarako irteera hori egin arte instalazioetan ezin izango dela
“100 pertsonatik gorakoentzako ekitaldirik egin” adierazten da. Azken urteetan txostenean esandakotik “kanpoko baimenak” eman direla diote jeltzaleek, eta 2018an, zehazki, “lau dekretu izenpetu” direla ekitaldiak baimenduz, “txostenean esandakoari men egin gabe”.
Arane kiroldegia.
Larrialdietarako irteera horri buruz hitz egiten duten lehen aldia ez dela azpimarratu du Abaroak. 2011n segurtasun mekanismo horiek egiteko proiektua eta lanak egiteko diru partida prest zeudela adierazi du, eta horiei buruz “ez zela gehiago jakin”. Hori dela eta, aipatutako proiektua egokitzea eskatu dute jeltzaleek, eta 2017ko kutxako soberakina larrialdi kasuetarako horren beharrezkoa den irteerarako lanak aurtengo ekitaldian egitea.
EAJko bozeramaileak nabarmendu duenez, “araua bete gabe uzteak erantzukizun penalak ekari ditzake”, eta “ezer gertatzen bada” EH Bilduren gobernu taldeak erantzukizun horiek “bere gain hartu” beharko ditu. Gobernu taldea gehiengorik gabe eta aurrekontu luzatuarekin gobernatzen ari dela “konturatu gabe” jokatzen ari dela esan du Abaroak, eta “daukan jarrerarekin herritargoaren kontra” jartzen dela. Iniziatiba hori “Osoko Bilkuran bozkatzea ukatu” badute ere, gaia berriz ere mahaigainean jarriko dutela baieztatu du Abaroak.
Beste lehentasun batzuk. Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak adierazi duenez, larrialdi irteera hori edukitzea “garrantzia handikoa” da kiroldegiko segurtasuna bermatzeko, eta erantzukizuna beraiena dela argi utzi nahi izan du. Hala ere,
aurrekontuen “lehentasuna” beste alor batzuei eman dietela esan du, esate baterako, “Zarragoitxi kalean egindako inbertsioak”.
Joan den urteko kutxako soberakinak ere aipatu ditu alkateak, larrialdien irteera hori egiteko beste ez dagoela nabarmenduz. “Ez da hain erraza, bestela irteera dagoeneko eginda egongo zen”, adierazi du, eta gaur egun kutxan dagoena
“nahikoa ez dela” esanez bukatu du.