San Pedro bezperagaz dator jai kolorea eta usaina
Jaien lehenengo eguna dute gaur berriatuarrek eta lekeitiarrek. Alabaina, Mundakarrek, goizaldeko Alboradagaz hasi dituzte ofizialki sanpedro jaiak. Hiru herrietan eskaintza zabala dute gaur astebururako motorrak berotzeko.San Pedro bezperagaz dator au...
Jaien lehenengo eguna dute gaur berriatuarrek eta lekeitiarrek. Alabaina, Mundakarrek, goizaldeko Alboradagaz hasi dituzte ofizialki sanpedro jaiak. Hiru herrietan eskaintza zabala dute gaur astebururako motorrak berotzeko.
San Pedro bezperagaz dator aurten umetxoen eguna Berriatuan. Ondo pasatzeko hamaika joko izango dituzte aukeran bihar, San Pedro Txiki Egunean.Goizean egurrezko jokoetan aritu ostean, ohitura legez, elkarregaz bazkalduko dute plazako aterpean. Arratsaldean ere puzgarrietan eta ohe elastikoetan nekatu arte dibertitzeko astia izango dute. Eta beroari aurre egiteko ere plan aproposa edukiko dute apar artean bustita.
Iluntzean D`Capricho bikote kubatarraren eskutik, gorputzak astinduko dituzte. Danieuris y Daniellis Moya Avila ahizpek euren herrialdeko doinuak reggae, rock edota doinu melodikoagoekin uztartzen dituzte. Ezagunak dira Euskal Herrian; esaterako, euren Andrazkubak kantu bildumak oihartzun handia izan du. Miren Agur Meabe lekeitiarraren, Leire Bilbao ondarrutarraren eta Arrate Mardaras abadiñarraren letrekin osatutako kantekin osatu zuten diskoa.
Bestalde, Lekeition jubilatuen elkarteak alaituta, jai giroa izango dute zaharren egoitzan. Don Terentzio eta Doña Tomasa kalerik kale ibiliko dira, buruhandiek eta Lekittoko Itxaropena txistulari elkarteak lagunduta.
Bestalde, Javier Escuderok hitzaldi interesgarria emango du Azkue aretoan, eta iluntzean Lekitto musika bandaren doinuekin girotuko dute herrigunea.
Goizaldeko Alboradagaz hasi dira ofizialki Mundakako sanpedroak. Hala, Mundakarrak moilan batuko dira arratsaldean, itsasoko jokoetan aritzeko eta partaideen abilezia ikusteko irrikitan. Iluntzean plaza izango dute topagune.
Urtero moduan, ume zein nagusien koreografiez gozatuko dute. Nagusien emanaldia bi aktorek aurkeztuko dute; Zorion Egileor mundakarrak eta Ylenia Baglieto eibartarrak gidatuko dute ikuskizuna. Aurpegi ezagunak egongo dira nagusien lanak epaitzen. Besteren artean, Iñaki Marurik, Maitane Zalduegik, Lander Otaolak eta Alicia Suarez egongo dira Mundakan.