Aurtengo denboraldiko taldearen aurkezpenean Joseba Fernandez entrenatzaileak esan moduan,
aurreko udakoa errepikatzeko gogor lan egingo du talde bermeotarrak. Hori lortzeko bidean, lehen pausoa eman du.
19 estropada, 19 bandera lehiatuko dituzte ekainetik irailera bitartean. Hasiera ezin hobea izan da bermeotarrentzat.
Urdaibaiko arraunlariak garaipena ospatzen.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Aurtongo erlojupeko bakarra izan zen atzo eguerdikoa. 19 minutu, 34 segundo eta 54 ehunen markatu zituen irabazleak. Bi segundo eta bi ehuneneko aldea atera zion Hondarribiari. Liga titulua irabazteko faborito nagusien atzetik sailkatuta,
Santurtzik eta Zierbenak eman zuten eguneko
ezustekoa.
Urdaibairengandik bi segundo eta 34 ehunenera sailkatu zen Santurtzi; lau segundo eta 24 ehunenera Zierbena, eta tarte handiagoagaz bada ere, bosgarren sailkatu zen Donostirra, zortzi segundo eta 30 ehunenera. Hain zuzen, Oriok baino denbora hobea markatu zuen Donostiako traineruak. Bestalde,
Kaiku hiru segundogaz zigortu zuten epaileek, erlojupekoa hastear zutela “elementu bat trainerutik uretara botatzeagatik”.
Arraunlariek adrenalinaz beteriko segundoak bizi izan zituzten beste behin. IX. Bilboko Banderan parekotasun handiko ikuskizuna eskaini zuten,
11 segundoko tartean 7 traineru sartuta. Lehia amaitu berri,
Eneko Bilbao Urdaibaiko patroiak estropada
oso gogorra izan zela adierazi zuen: “20 minutuak luzeak izan dira, segundo bat aurretik, segundo bat atzetik… horrela ibili gara, eta beroagaz are gogorragoa izan da”.
Eneko Bilbao patroia pozarren, atzoko estropadaren ostean.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Denboraldia irabazten hasteak hurrengo estropadarako konfiantza handia ematen diela, eta aurrerantzean ere dena ondo irtetea espero dutela azaldu zuen arraunlari bermeotarrak.
Santurtzik ezarri zuen gainditu beharreko denbora lehenengo txandan. Hala, bigarren txandakoek ez zuten hura hobetzea lortu.
Hurrengo biak ere Bizkaian. Asteburu honetan ere Bizkaiko uretan jarraituko du Eusko Label Ligak. Bi jardunaldi lehiatuko dituzte. Zapatu arratsaldean 27. Sestaoko Udala Bandera lehiatuko dute, eta domeka eguerdian, berriz, Zierbenan dute hitzordua, 35. Petronor Banderan. Hala, nesken EuskoTren Ligaren lehenengo bi estropadak jokatuko dira aipatu lekuetan.
IX. BILBOKO BANDERAREN SAILKAPENA:
- Urdaibai 19:34,54
- Hondarribia 19:36,56
- Santurtzi 19:36,88
- Zierbena 19:38,78
- Donostiarra 19:42,84
- Orio 19:43,80
- Cabo 19:45,66
- Ondarroa 19:55,98
- San Pedro 19:59,56
- San Juan 20:12,56
- Tiran 20:17,12
- Kaiku 20:22,92