Kirola, abentura eta natura lotzen dituen proba honetako izen emateekin bildutako diruaren parte bat
Espainiako Minbiziaren Kontrako Erakundearentzat izan da. Hain zuzen, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea buru, 600 euroko txekea eman zieten aipatu erakundearen ordezkariari, atzo eguerdian.
Atzo
12 eta 6 kilometroko probetako gerlarien probak lehiatu zituzten. 10:00ak aldera hasi ziren 12 kilometroko elite mailakoak, eta ordu laurdeneko tarteagaz, txandaka aterako ziren.
12 kilometroko proban
Josu Orbañanos Agirre gernikarra izan zen onena, ordubete, 20 minutu eta 50 segundoko marka lortu zuen. Ivan Sanchez Barquin kantabriarra sailkatu zen bigarren, hamazazpi segundoko aldeagaz.
Unai Martin Delgado gernikarra sailkatu zen hirugarren, ordubete, 26 minutu eta 34 segundoko denboragaz. 75 gerlarik parte hartu zuten proba luzeenean; azken postuan heldu zenak hiru ordu, hamalau minutu eta 35 segundoko denbora egin zuen.
6 kilometrokoan 57 gerlari batu ziren, eta horietan azkarrena Francho Alvarez del Manzano izan zen, 52 minutu eta hamasei segundoko markagaz. Christian Cardona (00.59.30) eta Jonatan Gonzalez (00.59.41 ) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Parte hartzaile gehienen bikoteka edo taldeka egin zuten oztopo proba. 6 km-koan 633 talde egon ziren, eta 12 km-koan 390. 6 km-koan, esaterako,
Ager Gonzalez gernikarra eta Iker Garate muxikarra nagusitu ziren; 56 minutu eta 21 segundotan amaitu zuten. David Marquez de la Torreren taldea sailkatu zen atzetik, minutu bat eta 25 segundora. Dafne Cadenas Rodriguezen taldeak osatu zuen podiuma, ordubete, hiru minutu eta 23 segundoko denboragaz. 12km-koan Aitor Escudero Hernandez eta bere taldekiak izan ziren azkarrenak, ordubete, 22 minutu eta 45 segundoko denboragaz.
Zapatu arratsaldean, ostera, 7-17 urte bitartekoak eta 3 kilometroko ibilbidea egin zuten nagusiek parte hartu zuten. Ume eta gaztetxoei dagokienez, bi txanda egin zituzten; 7-11 urte artekoak atera ziren lehenengo, eta 11-14 urte artekoak ondoren.
Oztopoz oztopo ondo pasatzeko asmoagaz egin zuten gehienek erronka. Hain zuzen, urez, basatzaz, hormez, piramidez eta bestelako elementuekin betetako oztopoak gainditu behar izan zituzten partaideek euren indarra, oreka, erresistentzia eta abilezia neurtuz.