Bigarren urtez jarraian lehiatuko dute Gernika-Lumon natura eta abentura lortzen dituen Gerlarien Erronka. Iaz egun bakarrean egin zuten proba, aurten, berriz, zapatuan eta domekan bilduko dira gerlariak.
Ume eta gaztetxoen proba da aurtengo berritasun nagusia.
Zapatuan 17:00etan hasiko dute oztopo proba 7-11 urte bitartekoek, eta 11-14 bitartekoek, berriz, 18:00etan dute irteera-ordua. Bestalde, nagusiei dagokienez, 19:00etatik aurrera lehiatuko dira
3 kilometroko probaren parte hartzaileak. Hain zuzen, 3 km-ko proba laburra ere bada aurtengo nobedadea.
Domekan, berriz,
12 eta 6 kilometroko probetako gerlarien txanda izango da. 12 kilometroko elite mailakoekin hasiko da proba,
10:00etan. Gero, ordu laurdeneko tarteagaz, txandaka aterako dira.
Antolatzaileek berbetan, umeen proba dibertigarria izango da, eta talde lana eta laguntasuna bultzatzea dira helburu nagusiak. 1,5 eta 3 kilometroko ibilbideak izango dituzte, urez, basatzaz, hormez, piramidez eta bestelako elementuekin beteta.
Nagusientzat “megaoztopo” berriak jarriko dituztela aurreratu dute, jungle, Goliat 2.0 eta zombie attack, besteren artean. Horietan parte hartzaileek euren indarra, oreka, erresistentzia eta abilezia neurtuko dituzte, bai eta elkarlana, laguntasuna eta tolerantzia bezalako balioak ere.
Antolatzaileek jendetza batzea espero dute; domekarako, esaterako, 2.000 gerlari espero dituzte. Parte hartu gura dutenek oraindik ere izena eman dezakete
www.desafiodeguerreros.com webgunean.
Elkartasuna. Abentura proba honetako izen emateekin bildutako diruaren parte bat
Espainiako Minbiziaren Kontrako Erakundeari emango diote. Hain zuzen, uda ordezkariek domekan 13:00etan emango diete txekea erakundeko arduradunei.
Hurrengoa, irailean. Aurten Valentzian eta Bartzelonan egin dute dagoeneko Gerlarien Erronka. Gernika-Lumokoaren ondoren, La Coruñan (Galiza) lehiatuko dute hurrengoa, irailaren 30ean. Gero, Malagan (Andaluzia) bilduko dira gerlariak, urriaren 28an, eta azaroaren 25ean, berriz, Murtzian izango dute hitzordua.