Kosnoaga Igeriketa Taldeko igerilariak denboraldi bikaina egiten ari dira. Urtez urte, maila altua dutela agerian utzi, eta gero eta emaitza hobeagoak lortzen dabiltza.
Horren adibide dira aurreko asteburuan Santurtziko kiroldegian lehiatutako
Bizkaiko Txapelketan junior eta absolutu kategorietan lortutako
hamabi dominak. Gutxieneko denborak lortuta, igerilari absolutu batek, lau juniorrrek, zortzi txikik eta hiru alebinek lortu zituzten Bizkaiko Junior eta Absolutuen Txapelketa lehiatzeko txartelak.
Argazkia: Kosnoaga Igeriketa Taldea.
Urrezko lau medaila, zilarrezko hiru eta brontzezko bost eskuratu zituen Gernika-Lumoko taldeak. Juniorretan,
Jone Otazuak hiru urrezko domina lortu zituen (200m, 100m eta 50m bizkar estiloetan).
Leire Begoñak 50 metroko tximeleta proban lortu zuen Bizkaiko txapeldun izatea, eta 100 metroko tximeleta modalitatean txapeldunorde geratu zen.
Jomara Undabarrenak 200m estiloak modalitatean hirugarren postua eskuratu zuen, eta
Timur Arrien 50 metroko bular estiloan sartu zen podiumean, brontzezko domina irabazita.
Absolutuei dagokienez,
Garazi Bengoetxea txapeldunorde geratu zen 400 metroko estilo librean, eta modalitate bereko 200 metroko proban brontzea eskuratu zuen.
Iraia Aranbarrik, berriz, 200 metroko bular estiloan irabazi zuen brontzezko domina.
Bestalde,
errelebokako bi probetan zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten. Hain zuzen, juniorren 4X100m librean
Ane Obietak, Leire Begoñak, Maialen Foruriak eta Garazi Bengoetxeak brontzea lortu zuten. Absolutu kategoriako 4X100m estiloan, ostera, zilarra irabazi zuten
Aimar Ondarzak, Unai Uribek, Izei Carbók eta Imanol Lozak. Asteburu borobila izan zen denentzat, baina, batik bat Ondarzarentzat. Izan ere, 100 metroko bizkar estiloko Bizkaiko errekorra hobetu zuen goizeko proban, bai eta arratsaldeko erreleboetako proban ere.
Gainera, Garazi Bengoetxeak, Irati Bengoetxeak eta Ane Obietak Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko denborak lortu zituzten 50m estilo librean, 200m estilo librean eta 100m bizkar estiloan, hurrenez hurren.
Denboraldi amaiera. Asteburu honetan (ekainak 23 eta 24) ere Santurtziko Kiroldegira bueltatuko da taldea. Bizkaiko Infantil eta Alebinen Txapelketa jokatuko dute. Hurrengo asteburuan (ekainak 30 eta uztailak 1)
Euskal Herriko Txapelketa lehiatuko dute, Galdakaon.
Denboraldi luzeari amaiera emateko,
Espainiako Txapelketan ere hartuko dute parte gutxieneko denborak eskuratu dituzten Ane Obietak, Irati Bengoetxeak eta Aimar Ondarzak (alebinak) eta Garazi Bengoetxeak eta Iraia Aranbarrik (txikiak) . Alebinek Sabadellen egin beharko dute igerian eta infantilek Madrilen, uztaileko hirugarren eta laugarren asteburuetan, hurrenez hurren.
Kosnoagako neska-mutilak entrenamenduetako ahalegin handiaren sari moduan emaitza onak lortzeko gogotsu daude. Lehia egon arren, talde guztietako igerilarien artean egoten den giro bikaina azpimarratu dute, denak elkar animatuz eta txapelketari umore ukitua jarriz. Gogora ekarri dute harreman osasungarriak landuz igerian ondo egitea dela taldearen helburu nagusia.
Udal Kirol Patronatuari eskaria. Bestalde, Kosnoaga ITko arduradunek azaldu dutenez, gero eta emaitza hobeak lortzeak aparteko gastuak eragiten dizkie igerilarien familiei. Izan ere, kanpoan egin beharrreko egonaldiek gastu asko eragiten dizkiete: “Taldeak ahalegin handia egiten du familien gastuok leuntzeko, baina diru-iturri murritzak ditu Kosnoagak. Horregatik, Gernikaren izena lau haizetara zabaltzen segitzeko asmoz, Udal Kirol Patronatuarekin ari gara hizketan; taldeak behar dituen sosak eskuratzeko proposamen serio eta bideragarria egin diogu”.