Ekonomia alternatiboak landuko dituzte bihar, Astran
Ekonomia alternatiboez hitz egingo dute bihar, Lurgozok antolatu duen ikasturte amaierarako hitzaldi-solasaldian. Ekitaldia 19:00etan izango da Astrako eraikinean.
Bertan, finantza eta higiezinen kudeaketa etikoari eta solidarioari buruz arituko dira; izan ere, Lurgozoren jarduna ez da bakarrik produktu ekologikoen kontsumoa suspertzea edota bizi naturala bultzatzea. Eta biharko ekintzagaz “diruaren eta baliabideen erabilpena modu arduratsuagoan eta solidarioagoan” lantzea bultzatu gura dutela adierazi dute Lurgozoko arduradunek. Eta horretarako, bi hitzaldi antolatu dituzte.
Finantzak, etika eta elkartasuna deitutako hitzaldia emango du Estefania Rodriguezek. Finantza etikoen eta solidarioen munduaz hitz egingo du, izan ere, bera da Nortlan Aseguru Artekaritza enpresaren sortzailea; aseguru etikoetan eta solidarioetan Euskal Herriko lehendabiziko aseguru artekaritza da, “iraultza ekarri duena”.
Higiezinen kudeaketaren arloa Roberto Cachok landuko du. Etikaliako kudeatzailea da Cacho, eta higiezinen kudeaketa irizpide sozialagaz egiten du berak. Hori horrela, emaitza ekonomikoen, sozialen eta ingurumenarekin arduratsuak direnen arteko orekak nola lortzen diren azalduko du bihar arratsaldeko saioan.