Ashleigh Gentle eta Ryan Bailiek irabazi dute Lekeitioko triatloia
Mireia Arrillaga lekeitiarrak Euskadiko txapela jantzi du. Koaxiko Arantza Burgoa eta Alarabiko Zorion Kareaga nagusitu dira beteranoen mailetanParte hartze handia eta giro ona izan dira nagusi Garraitz Kirol Taldeak antolatutako Lekeitioko 26. triatlo...
Mireia Arrillaga lekeitiarrak Euskadiko txapela jantzi du. Koaxiko Arantza Burgoa eta Alarabiko Zorion Kareaga nagusitu dira beteranoen mailetan
Parte hartze handia eta giro ona izan dira nagusi Garraitz Kirol Taldeak antolatutako Lekeitioko 26. triatloian. 475 triatletak eman zuten izena sprint distantziako probarako, eta eguraldi ona izan zuten bidelagun. Ashleigh Gentle eta Ryan Bailie australiarrak izan ziren irabazleak. 01.04.31 denboragaz irabazi zuen Gentlek. Gizonezkoetan, Ryan Bailie australiarra hasieratik jarri zen buruan, eta 00.59.25 denboran sartu zen helmugan.Nazioarteko kirolariak ez ezik, Lea-Artibaiko triatletak ere ez ziren falta izan Lekeitioko triatloian. Postu onak eskuratu zituzten, gainera. Emakumeen mailan helmugan sartzen bosgarrena izan zen Mireia Arrillaga lekeitiarra. 01.12.20 denbora bikaina osatuta sartu zen helmugan Garraitz Taldeko triatleta. ANB taldean dagoen Ander Okamika lekeitiarrak 17. postua lortu zuen 01.02.58 denbora eginda, eta Amandarriko Haritz Garate 18. postuan ailegatu zen (01.03.07).
Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldeko Zorion Kareaga (01.04.54) lehenengoa izan zen beteranoen lehen kategorian, eta Ondarroako Koaxi taldeko Arantza Burgoa (01.22.12) beteranoen bigarren kategorian nagusitu zen. Garraitz taldeko Iñaki Mendieta (01.18.58), ostera, bigarrena izan zen beteranoen hirugarren kategorian.
Kadete eta junior mailetan, berriz, aurrean ibili ziren Garraitz taldekoak: kadeteetan lehenengo egin zuen Julen Zamorak (01.05.25); laugarren Paula Ugarteburu (01.39.22) eta Antxon Goitiak (01.09.26) eta zazpigarren Aritz Iriondok (01.12.56). Junior mailan 3. postua lortu zuen Aratz Aizpuruak (01.06.22).
Euskadiko Txapelketa ere jokatu zuten Lekeition, eta Mireia Arrillaga Euskadiko txapelduna izan zen. Arantza Burgoa ondarrutarra eta Zorion Kareaga markina-xemeindarra, berriz, beteranoen mailako Euskadiko Txapeldun gelditu ziren. Lekeitioko Amandarri triatloi taldeak hirugarren egitea lortu zuen.