Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak hamar urteko ibilbidea bete du, eta aurten zenbait berrikuntzagaz egin dute martxa zikloturista.
Ohiko ibilbidea aldatu, eta gainera, bi ibilbide izan dituzte aukeran eskualdeko txirrindulariek. Hala, berritasun nagusia
Oiz mendiko kronoigoera izan da. Busturialdeko herritarrez gain, Bizkaiko beste herri batzuetako zein Gipuzkoa, Araba edota Kantabriako bizilagunek ere parte hartu zuten martxan.
Gazte zein heldu batu ziren zapatuan. Oizeko kronoigoera
Lander Lartitegi Ormazabal izan zen azkarrena; busturiarrak 34 minutu eta 37 segundoko marka lortu zuen. Jon Mentxaka zornotzarra sartu zen bigarren, Lartitegirengandik 30 segundora eta Pello Osoro izan zen hirugarrena, 35 minutu eta 59 segundoko denboragaz.
LanderLartitegi busturiarra Oizeko kronoigoeran.
Argazkia: Basati Bike.
156 kilometroko (2.800 metroko desnibelagaz) eta
128 kilometroko (1.800 metroko desnibelagaz) ibilbideak izan zituzten aukeran parte hartzaileek, eta erdiek luzeena egin zuten eta beste erdiek bestea. Oizeraino ez ezik, kostaldera hurbildu ziren, esate baterako,
Gaztelugatxeko San Juan eta Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzetatik pasatu ziren.
Aixerrotapekoek martxaren balorazio positiboa egin dute. Eurak zein parte hartzaileak pozik geratu zirela azaldu dute. Ibilbide ikusgarriak prestatu zituzten, eta parte hartu zuten txirrindularien berbetan, “gogorra bezain polita” izan da aurtengo martxa.
Ibilbidean zehar lau anoa postu jarri zituzten (Gaztelugatxeko San Juanen, Forua eta Gernika arteko mugan–Dia parean–, Aulestin eta Oizeko ermitan), eta amaieran luntxa izan zuten Pasealekuan. Jai giroan borobildu zuten martxa;
sariak eta zozketak egin zituzten.
Aixerrotape TEaren ordezkariek Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista antolatzeko eduki duten
laguntza eskertu dute. Babesle eta laguntzaile guztiei esker ona adierazi diete, eta batez ere Basati Biken laguntza eskertu dute, asistentzi mekanikoa eskaintzeagatik.