Ikastola Egunagaz amaituko dituzte Zubi Zaharren urteurren jarduerak
Herri ikastolak egun osoko ospakizunak antolatu ditu biharko. Ekitaldi ofiziala egingo dute eguerdian. 700 pertsona batuko dira bazkaritan, Itsasaurren50 urte bete dira Zubi Zahar herri ikastola sortu zenetik, eta ospatzea merezi duen urteurrena izanik...
Herri ikastolak egun osoko ospakizunak antolatu ditu biharko. Ekitaldi ofiziala egingo dute eguerdian. 700 pertsona batuko dira bazkaritan, Itsasaurren
50 urte bete dira Zubi Zahar herri ikastola sortu zenetik, eta ospatzea merezi duen urteurrena izanik, hainbat jarduera egin dituzte hilero urteurren berezia ospatzeko. Bihar, Ikastola Eguna egingo dute, eta aurreratu dutenez, urteurreneko azken ekintza izango da.Egun osoko ospakizuna izango da, eguerdian hasi eta gauerdira artekoa, eta bertan egungo eta lehengo ikasle, irakasle, guraso eta langileek parte hartuko dute. Horretarako, egitarau zabala prestatu dute: umeentzako jolasak, dantzaldia, bazkari herrikoia, DJak, danborrada, joaldunak, abesbatza kalez kale… Herri guztia ekimenetan parte hartzera gonbidatu dute.
Ikastolako joaldunen hotsagaz sartuko dira jai giroan, eta herri guztian zehar ibiliko dira giroa berotzen. Ostean, egungo ikastolaren eraikina inauguratu zenean bezala, danborrada egingo dute ikastolatik hasita. 300 bat lagun danbor hotsa han-hemenka zabaltzen ariko dira; Diana, Iupi ia ia, Guztiok Ondarru, Balego, Debako martxa txandakaturik joko dituzte danborrada Musika Plazan amaitu aurretik.
Santo Tomas azokan hasitako bideari jarraituz, ikasle ohiak, guraso ohiak, langileak eta guraso batzuk ikastolako abesbatzan batzea lortu dute zapatuko ekimenerako. «Plazagainean berotuko ditugu ahotsak, eta handik Alde Zaharrean ibiliko gara kalez kale. Danborrada amaitzen denean Musika Plazara joango gara».
Danborrada amaitu ondoren, ekitaldi ofiziala egingo da frontoian. «Irakasleek emango diote hasiera ekitaldiari, ezusteko eta guzti. Eta ondoren, Iker Lizarzaburu lehendakariak hartuko du hitza. Abesbatzak ere kantatuko du tartean». Handik, bazkaltzera abiatuko dira denak. Bazkaltzen denetara 700 bat lagun batuko dira. «Denok ondo kabitzeko, lehenengo umeek jango dute 14:15ean, eta gero nagusien txanda izango da 15:00etan».
DJ gaua
Txikienek jan ostean, Txirrimorraskik antolatu dituen jolasetan ondo pasatzeko aukera edukiko dute Alamedan, eta nagusiei, berriz, Julen Alonso eta Eva Astigarraga trikitilariek alaituko diete bazkalondoa. «Nahi duenak dantzan eta kantuan egiteko aukera ere izango du».
Bapo bazkaldu eta gero, zumba saioa egingo dute Itziar Ormaetxeagaz. Eta gorputzak ondo berotu ondoren, MP5 taldearen kontzertuan gerriak astintzeko aukera edukiko dute Itsasaurren. Eguna DJ saioagaz amaituko dute.