Garbitasuna saritzen duen 'Platino erratza' jaso du Gernika-Lumok
Herri garbiago baten alde Gernika-Lumok egin duen lana saritu du Hondakinen kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak. Hori horrela, Platinozko erratza saria lortu du udalerriak; lor daitekeen sari nagusia da honakoa.
Gernika-Lumoko udalaren berbetan, herriak “ingurumenaren alde egindako ahalegina” baloratu dute elkarte teknikoaren epaileek. Bereziki, herrigunean emisio kutsakorra eta poluzio akustikoa murriztu izana saritu dute. Horretarako, mantentze lanetara bideratutako ibilgailuak berriztu dituzte; ibilgailu elektrikoak ezarriz. Hori horrela, ingurumenari etengabe erasaten dieten CO2aren eta nitrogeno oxidoen emisioak murriztu dituzte.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Platinozko Erratza saria lortzea “ohorea” dela herriarentzako, eta baita udalarentzako ere. “Egindako ahalegina goraipatzen eta baloratzen du sari honek; agerian uzten du ingurumenarekiko dugun interesa”. Gainera, lanean jarraitzeko “gogoarekin” jarraitzea bultzatzen duen saria dela adierazi du. Birziklatzeak eta garbiketak duen garrantzia azpimarratzeko baliozkoa dela esan du.
Udalak gogorarazi du 2014an Urrezko erratza saria lortu zuela Gernika-Lumok. Orduko hartan, kutsagarriak ez diren hondakin industrialen planta lehenengoz jarri izana, arrandegi-hondakinak atez ate biltzea, hiria garbi mantentzea eta lorategiak ondo zainduta egotea balioan jartzea saritu zuten.