Urtero legez,
Agenda 21 ekimenaren barruan dagoen
udal foroa burutu dute Gautegiz Arteagako
Montorre eskolako neska-mutilek.
Herriko udalbatza-aretoan egindako aurkezpenean, eskolako ikasleek ikasturte honetan burututako
proiektuak eta herria hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateari.
Ikasleek herriko diagnostikoa egin dute. Besteak beste, eskolako patioan sarea, lurreko arrakalak, hesia, kanasta eta ate berdea konpontzea eta instalazio elektrikoko kutxetan tapak jartzeko eskaerak egin dituzte. Herriko iturriak eta jesarlekuak konpontzea proposatu dute, parkeko jolasak eta hesia konpontzearekin batera, eta komun publikoak, saski-baloiko kanastak eta tirolina jartzea eskatu dute.
Montorre eskolako ikasleak, Gautegiz Arteagan ospatutako udal foroen ostean hamaiketakoa jaten. Argazkia: Gautegiz Arteagako Udala
Masusta-arbola bat landatzea ere proposatzeko aprobetxatu dute haurrek. Ez hori bakarrik, egindako proposamenen artean udalerriko plazan lurreko harlauzak eta eskiralak konpontzea dago eta frontoian hobekuntzak egiteagaz batera, edota porterien erabilerarako ziurtasun neurriak hartzea.
Gainera, herriko eskolako umeek udalak ikasturte honetan burututako hobekuntzak nabarmendu dituzte eta garbitasun zein irisgarritasuneko hobekuntzak goraipatzeko aukera izan dute. Gautegiz Arteagako neska-mutilek zaborren edukiontzien guneen ordena eta aniztasuna baloratu dute, herriaren birziklapenaren alde eginez. Irisgarritasun hobekuntzei dagokionez, mediku kontsultarako sarbidean eta txokoko aldapan jarritako barandak aipatu dituzte, baita herriko frontoian egindako hobekuntzak . Skate egiteko instalazio berriak eta segurtasun neurriak ere nabarmendu dituzte.
Ingurumenarekiko konpromisoak. Bukatzeko, ume eta gaztetxoek
ingurugiroa hobetzeko eta herria zaintzeko hartu dituzten konpromisoak aurkeztu dituzte: hamaiketako osasuntsua sustatu, Afrikara bidaltzeko erropen bilketa, EATHINK tailerrak, beste lurralde eta ikastxeekin Skype konexioak, edota hegaztien behaketa Bird Center-en izan dira ikasleek burututako ekintzetariko batzuk.
Alkatearen berbetan, eskolako neska-mutilen mezua argia izan da: “guztion artean herria zaindu behar dugula”. Etorkizuneko Urdaibai izateko gizarte osoaren jarraibide jasangarriak “beharrezkoak” direla azpimarratu du alkateak. Horregatik, ikasleek egindako ekarpenengatik “oso harro” sentitzen dela adierazi du, eta horiek “esker handiz eta guztiz interesatuta” jasotzen dituela nabarmendu, izan ere, “eurek dira etorkizuna eraikitzen dutenak”.