17:30ean hasiko dute 400 igerilarik 2.500 metroko igeriketa proba, Bermeoko portuan. Eta aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta aurreikusi dutenez, lehenengo igerilariak ordu erdi beranduago helduko dira Mundakako portura. Hala, gehienezko denbora ordubete eta 20 minutuan ezarri dute.
Parte hartzaileek Lehendakari Agirre plazan hartu beharko dituzte dortsalak, 13:00etatik aurrera. Neoprenoagaz zein neoprenorik barik egin daiteke itsas zeharkaldia, eta parte hartzaile guztiei txip bana emango diete, euren denborak jakiteko.
Sari banaketa ekitaldia 19:30etik aurrera egingo dute Mundakako plazan, eta 20:00ak inguruan sardina jana, portuan.
Emakumezko eta gizonezko lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte, eta Mundaka edo Bermeoko lehen sailkatua ere sarituko dute. Zeharkaldia neoprenoagaz zein neopreno gabe eginda ere, saria jaso ahalko dute.
Elkartasuna. MKD SWIM irabazi asmorik gabeko elkarte moduan sortu zuten, eta kideen balioak kontuan hartuta, egitasmo solidarioei laguntzea da helburuetako bat. Aurreko urteetan beste zenbait proiekturekin egin moduan, oraingo honetan,
Eutsi Gogor, Danok Batera elkarteari laguntzea erabaki dute, gaixotasun arraroak dauzkaten Urdaibaiko umeei eta euren familiei elkartasuna adieraziz. Gainera, elkarteko kideak kamisetan saltzen eta informazioa ematen egongo dira Mundakako plazan zapatuan, 13:30etik 20:00etara.
Bestalde,
proba zuzenean jarraitzeko aukera eman dute antolatzaileek; streaming bidez ikusi ahalko da
probaren facebook-ean. Mundakako plazan daudenek ere pantaila erraldoi bat izango dute Mundaka BC dendan.
Iaz, bertan behera. 2014an egin zuten lehenengoz Bermeo eta Mundaka batzen dituen itsas zeharkaldia. Iaz, baina, itsasoko egoera txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten proba egunean bertan (ekainak 11). Dena prest eduki arren, parte hartu behar zuten igerilarien segurtasuna arriskuan egon zitekeela ikusita proba ez egitea erabaki zuten antolatzaileek.