Momentuz, 150 bat txirrindularik izena eman dute kirolprobak-en webgunearen bidez, baina,
bihar eta etzi izena emateko aukera emango dute, Pasealekuko arkupeetan. Bihar 18:30etik 20:30era, eta zapatuan 06:45etik 07:45era izena eman ahalko da.
Aixerrotape Txirrindulari Taldeak antolatuta, bederatzigarrenez egingo dute proba, eta hainbat nobedadegaz dator aurtengo martxa. Data aldatu dute, orain arte irailean egiten baitzuten, eta ibilbidea aldatu, eta bi ibilbide prestatu dituzte. Gainera, amaieran Pasealekuan elkartuko dira, Merkurion elkartu ordez.
Bi ibilbide. 08:00etan igoko dira bizikletetara, eta txirrindulariek bi ibilbide izango dituzte aukeran:
156 kilometrokoa (2.800 metroko desnibelagaz) eta
128 kilometrokoa (1.800 metroko desnibelagaz). Parte hartzaileak indarberritzeko lau anoa postu egongo dira: Gaztelugatxeko San Juanen, Forua eta Gernika arteko mugan (Dia parean), Aulestin eta Oizeko ermitan.
Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Taldea.
Aixerrotape TTk hamargarren urteurrena beteko du aurten, eta azaldu dutenez, hori ospatzeko “ibilbide ikusgarria” prestatu dute. Berritasun nagusia
Oiz mendira egingo duten
kronoigoera izango da: “Proba era ez lehiakorrean eta denbora kontrolik hartu gabe burutuko da, ibilbide guztiaz eta bizikletaz gozatzeko asmoarekin. Hala ere, beraien indarrak neurtu nahi dituztenentzat, Oiz mendiko kronoigoera neurtuan parte hartzeko aukera egongo da eta norberaren denbora txirrindulari profesionalek irailean Espainiako Itzulian burutuko dutenarekin alderatu ahalko dute”.
Halaber, Bakio, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibai eta Lekeitio bezalako kostaldeko herri edo leku ederretatik burutuko dute ibilbidea.
Amaieran sariak eta zozketak. Ibilbideen ostean, gura duenak Santanape Kiroldegian dutxatu ahalko du. Martxa bukatuta, Pasealekuan elkartuko dira hamaiketakoan, eta opariak banatzeagaz batera, askotariko kirol materiala zozkatuko dute.
Aixerrotapeko kideen berbetan, martxa “txirrindulari sutsuenek egutegian data zehatz bezala fikatzea” da euren asmoa.