Ondarroan eta Mutrikun martxan daude Euskaraldiko taldeak
Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Ondarroan eta Mutrikun ere martxan jarriko da.Ondarroan aurreko astean aurkeztu zuten egitasmoa, eta talde motor bat sortuko dela adierazi dute. «Lantalde horrek urte osoan lan egingo du». Parte hartzeko in...
Ondarroan aurreko astean aurkeztu zuten egitasmoa, eta talde motor bat sortuko dela adierazi dute. «Lantalde horrek urte osoan lan egingo du». Parte hartzeko interesa duenak Ondarroako Udaleko Euskara Sailean eman dezake izena, 94-683 36 68 telefono zenbakira deituta edo mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora idatzita.
Mutrikun, bestalde, zapatuan aurkeztuko dute Euskara Egunaren harira ospatuko den Euskaraldia ekimena. Aurkezpena Zabiel kultur etxean egingo dute, 12:00etatik aurrera.
Euskaraldia euskararen erabilera suspertzeko ekimen bat da, eta, estreinako, Euskal Herri osoan batera egingo da. «Ez da jai bat, ezta ere epe motzeko kanpaina bat, luzera begirako ildo bat da: ariketa sozial erraldoi bat». 11 egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal denik-eta pertsona gehienek euskaraz berba egitea euskaraz ulertzen duen edonorekin, horixe da egitasmoaren xedea. Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. «Eguneroko bizitzan inertziak aldatzea bilatzen da».
Honakoak dira Euskaraldiaren helburu zehatzak: hizkuntza ohiturei eragin eta gaztelaniaz egiteko inertziari aurre egitea, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, entitateak euskaraz aritzeko neurriak har ditzaten sustatzea eta 11 egun horietan sortutako dinamikak gero ere mantentzea.