Gazteen eta adinekoen arteko topaketak oso aberasgarritzat jo dituzte
Gazte-Nagusi programa 2013-2014 ikasturtean hasi zuten, belaunaldi ezberdinen arteko loturak lantzeko helburuagaz. Programa hezkuntza proiektuko beste atal bat izatea gura duteBosgarren urtez, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak ikasturte osoan aster...
Gazte-Nagusi programa 2013-2014 ikasturtean hasi zuten, belaunaldi ezberdinen arteko loturak lantzeko helburuagaz. Programa hezkuntza proiektuko beste atal bat izatea gura dute
Bosgarren urtez, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak ikasturte osoan astero egun batean joan dira Bermeoko Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako adineko pertsonekin denbora librea partekatzera.Gazte-Nagusi izenagaz, programa 2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan lehenengo aldiz, eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak eta Sagrado Corazon ikastetxeak adierazi nahi izan dutenez, esperientzia hori «oso aberasgarria da nagusi zein gazteentzat». Izan ere, «elkarrengandik gauza asko» ikasten dituztela eta «momentu politak eta dibertigarriak» igarotzen dituztela nabarmendu dute. Ekimen hori Sagrado Corazon ikastetxeko Ikasketa eta Zerbitzua proiektuaren baitakoa da, eta horrela, «gazteek eta nagusiek hitz egin, jolastu eta hainbat ekimen» elkarrekin egiten dituztela azpimarratu dute antolatzaileek, «euren arteko loturak indartuz».
DBH 4. mailako ikasleak izan dira iazko urritik hasita eguaztenero joan direnak udalaren zaharren egoitzara nagusiekin egotera; bederatzi ikasle egun bakoitzean, hain zuzen. Gazte eta nagusiak batuz eta beraien artean harremanak sortuz, Sagrado Corazon ikastetxearen helburua «nagusienganako gazteen sentsibilizazioa» areagotzea da: «Gaurko gizartean adinekoak askotan gutxietsiak dira, eta topaketa horiekin jarduera horiek saihesten dira».
Elkarrengandik ikasten
Ikastetxeak jarduera hori eskola proiektuan sartzea erabaki du. Hala, ikastetxeko arduradunek azaldu dutenez, programa «ez da ekintza puntual bat», eta ikastetxearen hezkuntza proiektuko beste atal bat gehiago izatea gura dute.
Gazte eta adinekoen topaketa horien bitartez «belaunaldi ezberdinen arteko loturak sortzen eta lantzen» saiatzen direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta batera egonez gazte zein nagusiek «elkarrengandik ikasi eta momentu politak» bizitzen dituztela adierazi dute, hori egiterakoan aspaldiko esamoldea egia bilakatzea lortuz: «Izan direlako gara».