Zierbenak eta San Juanek irabazi dute Lekeitioko II. Gure Esku Dago bandera
Zierbenak gizonezkoen estropada irabazi du, eta San Juanek, berriz, emakumezkoena. Estropadan parte hartu duten arraunlariek atxikimendua eman diote herri dinamikariZierbenak eta San Juanek irabazi dute denboraldi aurreko azken estropada. Zierbenak giz...
Zierbenak gizonezkoen estropada irabazi du, eta San Juanek, berriz, emakumezkoena. Estropadan parte hartu duten arraunlariek atxikimendua eman diote herri dinamikari
Zierbenak eta San Juanek irabazi dute denboraldi aurreko azken estropada. Zierbenak gizonezkoen 40. Lekeitioko ikurrina-Gure Esku Dago II. Bandera lortu du, eta San Juanek, berriz, emakumezkoen VIII. Lekeitioko ikurrina-Gure Esku Dago II. bandera.Estropada domekan jokatu zen, eta Isuntza Arraun Elkarteak estropada egunez aldatzerik izan ez zuenez, keinu berezia egin nahi izan zion erabakitzeko eskubidearen alde lanean diharduen herri dinamikari. Gure Esku Dago-ri babesa erakutsi eta presentzia eman zioten Lekeitioko estropadan ere. Estropada hasi aurretik argazki erraldoi bat atera zuten estropadan parte hartu zuten 33 taldeetako arraunlari guztiek, GED-ri atxikimendua adierazteko.
Emakumezkoen estropadan parte hartu zuten bederatzi ontzietatik azkarrena San Juan izan zen. 11.03,30eko denboran burutu zuten estropada. Atzetik helmugaratu ziren Orio 2,17 segundotara eta Hondarribia 16,95 segundotara. Lea-Artibaiko ontziak zortzigarren (12.24,95) postua lortu zuen, eta Mundakako trainerua, berriz, bederatzigarren (13.25,25) helmugaratu zen.
Gizonezkoen estropadan parte hartu zuten 24 traineratik azkarrena Zierbena izan zen. Lau luze eta hiru ziaboga egiteko 20.07,87 behar izan zituen. Atzetik helmugaratu ziren Santurtzi 11,24 segundotara eta Donostiarra 20,84 segundotara. Bertoko ordezkarien artean Isuntzako trainerua izan zen onena (20.44,61), zazpigarren helmugaratuta. Mutrikuk (21.33,50), Mundakak (21.33,72) eta Elantxobek (21:59,13), 18., 19. eta 22. amaitu zuten, hurrenez hurren.
Isuntzaren aurkezpena
Isuntza Arraun Elkarteak, bestalde, Isuntza Asteburua ospatu du. Zapatuan egin zituzten lehenengo ekintzak, eta tartean Isuntzako talde guztien aurkezpena egin zuten: alebin neskak (11 arraunlari), neska txikiak (7), neska kadeteak (7), alebin mutilak (10), mutil txikiak (7), kadete mutilak (12), mutil gazteak (7), senior neskak (12) eta senior mutilak (25). Aurkezpena egin aurretik arraun duatloia egin zuten.