Herri mugimenduaren kontrako erasotzat jo dute Astrako lapurreta
Baliabideak berreskuratzeko 6.000 euroko inbertsioa egin behar izatea aurreikusi dute. Astra proiektua ez dagoela kolokan, eta ilusioagaz jarraitzen dutela esan duteEguazten gauean Astrako eraikinean sartu eta herri mugimenduaren baliabideak lapurtu zi...
Baliabideak berreskuratzeko 6.000 euroko inbertsioa egin behar izatea aurreikusi dute. Astra proiektua ez dagoela kolokan, eta ilusioagaz jarraitzen dutela esan dute
Eguazten gauean Astrako eraikinean sartu eta herri mugimenduaren baliabideak lapurtu zituzten. Eraikin barruan zeuden ordenagailuak, proiektoreak, musika ekipo eta kopiagailua eroan zituzten, besteren artean. Eraso hori herri mugimenduaren aurkakoa dela adierazi zuten barikuan egindako agerraldian.Elkartasunak duen balioa azpimarratu zuten: «Gure ekinbidea garatu eta 4. kilometroaren ondorioetatik jaioko den Astra ahalik-eta oparoena izan dadin, beharrezkoa da guztion sostengu ekonomikoa».
Lapurtutako baliabideak berriro eskuratu ahal izateko, 6.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko dutela aurreikusi dute. Hori lortzeko, Astra Diru Laguntzaile figura sortu dute. «Auzolanean, asanbladetan edota bertako txandetan parte hartu ezin duen jendeak beste era batera proiektua babesteko modua da. Urtean 50 euroko diru laguntza ematea da».
Astra Diru Laguntzaile izateko bete beharreko fitxak Astran daude eskuragarri, eta crowdfunding edo antzeko kanpainaren bat egitea aztertzen ari dira.
Astra proiektua kolokan ez dagoela argi utzi zuten; egoera honetatik indartuta atera nahi dute, eta denen lanagaz eta orain arteko ilusioagaz jarraitzeko asmoa daukate: «Etorkizuna marrazteko prozesu batean murgilduta gaude. Mundua aldatzeko anbizioz, Astra berrasmatzeko ekinbidean. Ibilbidea oparoa izan da, eta horrela izaten jarraituko duenaren konbentzimendua daukagu. Mota honetako erasoek indartu baino ez gaituzte egiten; bat egin eta aurrera jarraitzeko bultzada dira».
Aurrera begira
4. kilometroan murgilduta daude, eta zapatuan egingo dute azken asanblada. Eureka Eguna izango da, eta jai bat izatea gura dute. Goizean asanbladan batu eta bertan bazkalduko dute. «San Juan bezpera dela eta, parranda egongo da. Eman izena!».
Astraren izaera, funtzioa eta balioak berretsiz, elkarrekin milaka amets sortzen jarraitzeko aurrera egiteko dei egin dute: «Gu gara motore eta tresnarik baliotsuena. Astra berrasmatzen gaude. Sekulako gogoa, lana eta ilusioa jarri dugu honetan; lapurretak ez du hau dena geldituko. Indartsu gaude; Astrak behar gaitu. Gu barik ez dago!».