Eguazten gauean eraikin barruan zeuden ordenagailuak, proiektoreak, musika-ekipo eta kopiagailua eroan zituzten, besteren artean. Gogora ekarri dute baliabide horiek herriko eragile eta norbanako askoren esku egon direla, euren ekintzak eta jarduerak aurrera eroan ahal izateko. Beraz,
elkartasunak duen balioa azpimarratu dute: “Gure ekinbidea garatu eta 4. kilometroaren ondorioetatik jaioko den Astra ahalik eta oparoena izan dadin, guztion sostengu ekonomikoa beharrezkoa da”.
Lapurtutako baliabideak berriro eskuratu ahal izateko 6.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko dutela aurreikusi dute. Hori lortzeko, besteak beste,
Astra Diru Laguntzaile figura sortu dute. “Auzolanean, asanbladetan edota bertako txandetan parte hartu ezin duen jendeak beste era batera Astra proiektua babesteko modua da. Urtean 50 euroko diru laguntza ematea da”.

Atzo arratsaldean egin zuten agerraldia.
Astra Diru Laguntzaile izateko bete beharreko fitxak Astran bertan daude eskuragarri, eta crowdfunding edo antzeko kanpainaren bat egitea ere aztertzen ari dira.
Astra proiektua kolokan ez dagoela argi utzi dute; egoera honetatik
indartuta atera nahi dute eta denen lanagaz eta
orain arteko ilusioagaz jarraitzeko asmoa dute: “Etorkizuna marrazteko prozesu batean murgilduta gaude aspalditik. Mundua aldatzeko anbizioz, Astra berrasmatzeko ekinbidean. Orain arteko ibilbidea oparoa izan da eta horrela izaten jarraituko duenaren konbentzimendua badaukagu. Mota honetako erasoek indartu baino ez gaituzte egiten; bat egin eta aurrera jarraitzeko bultzada dira”.
4. kilometroan murgilduta daude, eta
ekainaren 23an [zapatua] bukaera emango diote azken asanbladagaz. EUREKA Eguna izango da, eta jai bat izatea gura dute. Goizean asanbladan batu eta ondoren bertan bazkalduko dute. “Eta San Juan bezpera dela aprobetxatuta, parranda egongo da. Zuen egutegian apuntatu!”. Dagoeneko, bazkarirako txartelak eskuratu daitezke, 8 euroren truke.
Astraren izaera, funtzioa eta balioak berretsiz, denak elkarrekin milaka amets sortzen jarraitu ahali izateko aurrera egiteko dei egin dute: “Gu gara motore eta tresnarik baliotsuena. Astra berrasmatzen gaude. Kristoren gogoa, lana eta ilusioa jarri dugu kilometro honetan; lapurretak ez du hau dena geldituko. Indartsu gaude; Astrak behar gaitu. Gu barik ez dago!”.