Surf Jaia ospatuko dute Lagan, domekan
Bizkaiko Surf Federazioak hainbat ospakizun egiten ditu urtero Bizkaiko hondartzetan, eta oraingo honetan Ibarrangeluko Laga hondartzan ipini dute hitzordua.
10:00etatik aurrera askotariko ikastaroak eta tailerrak emango dituzte ume eta gaztetxoentzat, doan. Goiz eta arratsaldez egingo dituzte ekintzak, eta parte hartzen dutenentzat bazkaria ere prestatuko dutela jakitera eman dute.
Surf zaleentzat ez ezik, hondartza gustuko dutenentzat hitzordua da domekakoa. Izan ere, besteak beste, ingurumen eta surf tailerrak emango dituzte. Parte hartzeko ez da izena eman behar.
Bizkaiko Surf Federazioaren ekitaldia bada ere, bertoko Ogoñope Surf Taldeko kideak ariko dira begirale lanetan, eta euren materialagaz egingo dituzte ikastaroak. “Surfa egiteaz gain, ingurumen tailerrean, adibidez, hondartzan dauden animalia eta landareei buruzko azalpenak emango dira”, azaldu dute Ogoñopeko kideek.