Otoio mendira kronoigoera egingo dute bigarren urtez
Ume, gazte eta nagusien probak lehiatuko dituzte zapatu arratsaldean. Bihar goizera arte Internet bidez aurrez izena eman daiteke. Zapatuan izena eman ahalko daTxirrindularitza eta mendia gustuko dutenek hitzordua daukate Ispasterren, zapatu honetan. I...
Ume, gazte eta nagusien probak lehiatuko dituzte zapatu arratsaldean. Bihar goizera arte Internet bidez aurrez izena eman daiteke. Zapatuan izena eman ahalko da
Txirrindularitza eta mendia gustuko dutenek hitzordua daukate Ispasterren, zapatu honetan. Iaz egin zuten lehenengoz Otoio mendira kronoigoera, eta orduan moduan, ume, gazte zein nagusientzat ibilbideak prestatu dituzte aurten ere.Hain zuzen, 7-10 urte bitartekoek 1.200 metroko kronoigoera egin dezakete, 11-14 urte bitartekoek 2 kilometrokoa, eta helduek 3,4 kilometroko ibilbidea gainditu beharko dute 273 metroko desnibelagaz.
Aurrez izena eman daiteke www.kirolprobrak.com webgunean, edo bestela, egunean bertan, 15:30etik 16:00etara ere egin ahalko da. Bihar 09:00etan amaituko da Internet bidezko izen ematea. Ume eta gaztetxoek, berriz, egunean bertan eman behar dute izena, plazan.
Federatuek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, 12 euro. Baina, umeek eta gaztetxoek ez dute ezer ordaindu behar.
17:00etan hasiko da nagusien proba, plazan; ordubete lehenago, 16:00etan izango dute irteera ordua umeek, eta gazteak, berriz, ordu erdi beranduago aterako dira.
Ipargorri Kirol Elkartearen ordezkariek esan dutenez, iazko parte hartze antzekoa espero dute, 50-60 txirrindulari espero dituzte nagusien kronoigoeran. «Esate baterako, Jose Antonio Diez iazko irabazleak parte hartuko duela esan digu».
Amaierarako, ume, gazte zein nagusientzat askaria prestatuko dute plazan, eta euria eginez gero, elizpean batuko lirateke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, frontoian dutxatzeko aukera edukiko dute.
Sariak
II. Otoio Igoera Krono-MTB Ispasterko Udala II. Sarian lehenengo bost emakumezko eta gizonezko sailkatuak sarituko dituzte.
Irabazleek 50 euro jasoko dituzte, bigarren sailkatuek 40 euro, hirugarrenek 30 euro, laugarrenek 20 euro eta bosgarrenek 10 euro. Umeei eta gaztetxoei dominak emango dizkiete.