Jai liburuko lanak argitaratzeko deialdia egin dute
Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailak 2018ko Andra Mari eta Santa Eufemiako jaietako liburuxkan argitaratuko diren lanak eta artikuluak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egin du.Testuak aurkezteko epea ekainaren 30era arte izango da....
Testuak aurkezteko epea ekainaren 30era arte izango da. Herritar guztiei zuzendutako ekimena da, eta herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea du helburu, sortzaileei beraien lanak ezagutzera emateko aukera eskaintzeagaz batera.
Deialdiko oinarriak zehaztutakoaren arabera argitaratutako lanek gai hauek landu ahalko dituzte: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, literatura, kultura, artea edota musika. Bermeori buruzko kondairak, istorioak, gertaerak, kontakizunak, ipuinak edota efemerideak landu ahalko dira. Horiez gain, udalerriko kultura, hezkuntza edo gainontzeko arloetako sortzaileen lanak ere onartuko dituzte, beti ere iritzi artikuluak ez diren bitartean.
Testuak argitaratzeko irizpideen artean, lan originalak lehenetsiko direla adierazi dute, eta epaimahaiak ez ditu onartuko sexismo, indarkeria edota arrazakeria zantzurik daukan lanik.
9.000 karaktere gehienez
Artikulua aurkeztuta, egileak ezin izango dio lana argitaratzeari uko egin, eta testuek izan ahal dituzten akats ortografiko, tipografiko edo gramatikalak udaleko euskara sailak zuzenduko ditu. Testu bakoitzak 9.000 karaktereko luzera izan beharko du, hutsuneak barne.
Parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, paperean edota euskarri informatikoan (word bidez), eta artikuluak aurkezteko lekuak Bermeoko Udal Kultura eta Hezkuntza Saila (Irakaskintza 14-16) eta Berhaz bulegoa (Ertzilla 6-8) izango dira; posta elektronikoz ere bidali ahalko dira, kultura@bermeo.eus helbidera. Lanek izenburua eduki beharko dute testuagaz batera, eta egileak honako datuak eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa.
Leku faltagatik aurkeztutako lan guztiak ezingo balituzte argitaratu aurtengo jaien egitarauan, epaimahaiak erabakiko luke zeintzuk sartu; horretarako, ondorengo irizpideak hartuko lituzkete kontuan: originaltasuna, berritasuna eta irakurleentzako interesa.
Egitarauan euskaraz idatzitako lanak lehenetsiko dituzte, eta jatorriz beste hizkuntza batean idatzitako lanen kasuan, epaimahaiak horrek itzultzea erabaki dezake.
16 urtetik gorako bermeotarrek parte hartu ahal izango dute ekimenean, salbuespen bategaz: bertso paper, ipuin, narrazio zein mota horretako gainontzeko lehiaketetan sariak irabazitako 16 urtetik beherakoek ere aurkezteko aukera edukiko dutela jakinarazi dute.