Hilaren 14an zabalduko ditu ateak Mutrikuko Arrietakua jauregiak

Inaugurazioa datorren eguenean egingo bada ere, uztailaren 3tik aurrera egongo da bisitagai publiko zabalarentzat. Doako hainbat bisita eskainiko dira herritarrentzatMutrikuko Udalak jakitera eman duenez, Arrietakuak datorren eguenean zabalduko ditu at...

Inaugurazioa datorren eguenean egingo bada ere, uztailaren 3tik aurrera egongo da bisitagai publiko zabalarentzat. Doako hainbat bisita eskainiko dira herritarrentzat

Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, Arrietakuak datorren eguenean zabalduko ditu ateak. Izan ere, publiko orokorrari uztailaren 3an ateak ireki aurretik, inauguraziorako hainbat bisita egingo dira, lurraldeko instituzioekin, turismo teknikariekin eta museoetako agenteekin. Tartean, mutrikuarrentzako doako bisita gidatuak ere egongo dira.

Inaugurazioko lehenengo bisita datorren eguenean egingo da, 12:00etatik aurrera. Bisitara Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Basquetourreko karguak gonbidatu dituzte, baita Euskal Kostaldeko Geoparkeko alkate zein eskualdeko ordezkari batzuk ere. Ekainaren 19an, berriz, bi bisita egingo dira 09:30ean, eta 11:30ean, batez ere, turismo sektorean lan egiten duten teknikoei eta Gipuzkoa eta Euskal Kostaldeko museoei zuzendutakoak.

Ekaineko bigarren hamabostaldian, berriz, herritarrei zuzendutako doako bisitak egingo dira. Horretarako, aldez aurretik eman behar da izena turismo bulegoan.

Uztailaren 3tik aurrera, berriz, publiko orokorrarentzako ordu eta erdiko bisitak egingo dira astean bitan, euskaraz zein gaztelaniaz. Sarreren zuzeneko salmenta Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan edo www.geoparkea.eus webgunean egingo da. Bisitari kopurua mugatua izango da; gehienez 15 pertsona egongo dira bisita bakoitzean.