Gure Esku Dago-ren II. Bandera jokatuko da domekan, Lekeition
Isuntza Arraun Elkarteak estropada eguna aldatzerik eduki ez duenez, keinu berezia egin nahi izan dio herri dinamikari. 33 traineruk parte hartuko duteEkainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kate erraldoiaren egun berean, Gure E...
Isuntza Arraun Elkarteak estropada eguna aldatzerik eduki ez duenez, keinu berezia egin nahi izan dio herri dinamikari. 33 traineruk parte hartuko dute
Ekainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kate erraldoiaren egun berean, Gure Esku Dago-ren II. Bandera jokatuko da Lekeition. Isuntza Arraun Elkarteak estropada egunez aldatzerik izan ez duenez, keinu berezia egin nahi izan dio erabakitzeko eskubidearen alde lanean diharduen herri dinamikari, eta, beraz, Gure Esku Dago-ri babesa erakutsi eta presentzia emango diote Lekeitioko estropadan ere. «Horrela, herrian gelditzen direnek ere denok lotuta gaudela ikusiko dute».Atzo goizean aurkeztu zuten bandera Isuntza Arraun Taldeko elkartearen aurrean Karmen Marina Arteagabeitia Lekeitioko Gure Esku Dago-ren ordezkariak, Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkarteko lehendakariak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Isuntzaren lehendakariak jakitera eman duenez, Gizonezkoen 40. Ikurrina, Emakumeen VIII. eta Gure Esku Dago-ren II. Bandera jokatuko dute Lekeitioko arraun elkarteak antolatuko dituen estropadetan parte hartuko duten 33 traineruek. Danetara, Bizkaiko, Iparraldeko eta Gipuzkoako 23 talde egongo dira Lekeition: Mundaka, Lea-Artibai, Donostiarra, Kaiku, Hondarribi, Hibaika, Deusto, San Juan, Orio, Lutxana, Mutriku, Elantxobe, San Pedro, Getxo, Portugalete, Arkote, Lapurdi, Zumaia, Zarautz, Santurtzi, Getaria, Zierbena eta Isuntza. «Bederatzi traineru izango dira emakumezkoenak, eta 24 gizonezkoenak».
11:30ean hasiko da estropada emakumezkoen lehiagaz. Ondoren, gizonezkoen erlojuz kontrakoa egingo dute hamabi traineruk, eta azkenik, gizonezkoen tandak hasiko dira. Lau traineruko hiru tanda egingo dituzte. Estropada amaitu ostean, itsasoan bertan emango dizkiete banderak emakumezkoen eta gizonezkoen traineru irabazleei.
Emakumeen estropadan Mundaka izango da irteten lehenengoa, Lea-Artibai eta Donostiarra aterako dira ondoren, Kaiku eta Hondarribi jarraian, gero, Ibaika eta Deusto, eta azkenik, San Juan eta Orio. «Joan eta etorri egin beharko dute».
Mundakak eta Lutxanak hasiko dute gizonekoen erlojupekoa, gero Mutriku eta Elantxobe aterako dira, jarraian, Hondarribi B eta San Pedro B, atzetik Getxo eta Donostiarra B, ostean, Portugalete eta San Juan, eta azkenik, Arkote eta Lapurdi. Hurrengo tandetan, berriz, hurrengoa izango da ordena: lehenengo tandan Isuntza, Zumaia, Deusto eta Zarautz ureratuko dira, bigarren tandan, Kaiku, San Juan, Santurtzi eta Getaria, eta hirugarren tandan, Hondarribia, San Pedro, Donostiarra eta Zierbena.
Babesa
Gure Esku Dago-k bost urte daramatza Euskal Herriko Txoko guztietan erabakitzeko eskubidearen alde lanean, eta Gure Esku Dago-ren Banderak bezalako ekintzek beti laguntzen dutela adierazi du Karmen Marina Arteagabeitiak. «Hainbeste gauza egin dira, hainbeste lan eta Gure Esku Dago proiektua aldarrikatu ahal duen edozer balekoa da egitasmoa aurrera ateratzeko».
Giza kate erraldoirako dena prest daukatela azaldu du. «Lekeitiori eta Mendexari Altube tokatu zaigu. Bi kilometro dauzkagu bertan, 168 eta 169, eta momentuz, hamahiru autobus bete ditugu. Gainera, oraindik ez dugu galtzen itxaropena, eta 14.a ere aterako dugu».
Jendea ilusio handiagaz dagoela nabarmendu du Lekeitioko Gure Esku Dago-ko kideak, eta emakume, gizonezko, langile, ume, zahar, erretiratu eta arrantzale guztiei giza katean parte hartzeko deia egin die: «Azken batean hori da guri indarra emango diguna, erabakitzeko eskubide hori aldarrikatu ahal izateko. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean», esan dute.
Lekeitioko Udalak herrian horrelako ekintzak antolatzea pozgarritzat jo du. «Lekeitioko bandera guretzako herriko bandera da. 33 traineru datoz, eta Lekeitio bete egingo da, guretzako hori oso garrantzitsua da, azkenean moilan, behintzat, ekonomia mugiaraztea eragiten duelako», adierazi du alkateak.
Estropada hasi aurretik, argazki erraldoi bat ere aterako dute talde guztietako erremolari guztiek, GED-ren pankartagaz atxikimendua adierazteko.