Herri Babesa berriro aktibatu den arren, taldea mantentzeko boluntarioak izatea
“ezinbestekoa” dela aldarrikatu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzu eta Udaltzaingo buruak.
Urte bete inguru eman du desaktibatuta taldeak, baina maiatzaren 26an Aurrekoetxea kalean gertatu zen sutean, Herri Babesak egindako lana goraipagarria izan zen sua kontrolatzeko eta ez zabaltzeko, suhiltzaileak iritsi baino lehenago. Ibarrolazak taldeak egindako lana goretsi egin du, bere eskerrona adieraziz. “Beraz, zalantza barik, Herri Babesaren lana gure herrian gerta daitezkeen egoera larriei aurre egiteko ezinbestekoa” dela azaldu du alkateordeak, eta horretarako Herri Babesak
“talde trinkoa izatea beharrezkoa” dela gehitu du.
Bermeoko Herri Babesekoak, lanean. Argazkia: Bermeoko Udala
Segurtasuna bermatuz. Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaileak adierazi duenez, besteak beste, “suhiltzaile boluntarioak gara
Bermeok ez duelako suhiltzaile-talderik herrian; herriko ekimen guztietan parte hartzen dugu segurtasuna eta prebentzioa bermatuz; bai Bermeon zein inguruko herrietan jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko aholkularitza eskaintzen dugu; eta uholde eta elurrak daudenean ere egoera hauei aurre egiteko eta arriskuak ekiditzeko lan egiten dugu”.
Taldeak egindako lana posible izateko erabiltzen dituzten
materialen eta tresnen berri eman du Ojangurenek: “lan horiek eta beste asko egiteko suhiltzaileen kamioi bat dugu, lur orotarako ibilgailu bat, erremolkea, motozerrak, ura ateratzeko bonbak, eskalatzeko materiala, autobonbak, baita bi lokal Atalden”.
Ojangurenek eta Ibarrolazak aditzera eman dutenez, boluntarioei
formakuntza eskaintzen zaie. Boluntario moduan datozenei “sute, uholde eta horrelakoetan nola jardun” behar den erakusten zaie, baita “salbamendu txakurrekin nola jardun, eskalada egiteko formakuntza edo biktimez nola arduratu” ere. Ez hori bakarrik, “zuhaitzen mozketa edota beste gai askoren inguruko formazioa” eskaintzen dutela argitu dute.
Baldintzak. Herri Babeseko kidea izateko
bi baldintza bete behar dira:
18 urtetik gora izatea eta
Bermeon bizitzea. Ojangurenek boluntarioa izatea esperientzia oso “aberasgarria” dela nabarmendu du. “Garrantzitsua da denok herriaren alde lan egitea herri hobeago bat izateko eta hori posible da”, esan du, eta gainera, “adiskidetasuna, lan taldeko lana eta hainbat arlotan formazioa eta esperientzia handia hartzeko bidea” ere badela esan du taldearen ordezkariak.
Alkateordeak gogorarazi duenez, Bermeoko Herri Babesak 2013. urtean XVII Hegaluze Saria jaso zuen, “herriaren alde lan boluntarioa eta isila egiteagatik”.
Interesa duten herritarrek
Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8) eman beharko dute izena. Ibarrolazaren berbetan, “Herri Babesak egiten duen lana oso garrantzitsua eta interesgarria da, horregatik gogoa duten herritar guztiei Herri Babesako parte izatera animatzen diegu, izan ere, gure herriaren alde lan egiteko aukera paregabea eskaintzen du talde honek”, eta lagun koadrilak boluntario izateko izena ematea “polita” izango litzatekeela gaineratu du.