Andoni Fernandezek azken liburua aurkeztuko du Bermeon
Andoni Fernandez Azkarai Mierda de Bizkaia y sus grupos punks maketeros 77-89 liburuaren idazleak bere azken obraren aurkezpena egingo du bihar, 19:00etan hasita, Bermeoko Udal Liburutegian, herriko eta Bizkaiko hainbat musikarigaz batera.Liburuak 1977...
Liburuak 1977tik 1989ra arteko Bizkaiko punkaren historia ulertzeko balio du. Liburuaren 400 orrialdeetan euskal musika panoramaren garai berezi baten hainbat testigantza biltzen dira: sasoi hartako musikariei egindako 60 elkarrizketa inguru aurki daitezke bertan.
60 testigantza
Elkarrizketatuen artean, besteak beste, 091, Amonal, Audiencia Nacional, Corrupcion, NPI, Nueva Religion, Skakeo, Komando Batikano, Zurrapak, Pleonakis Plekton, Sarraski, Stropicio, Niko MCD, Banko de esperma, Mierda Radioaktiva edota Deskonzierto talde eta musikariak daude. Haien testigantzetan dibertsioa, heroina, kontzertuak, gaztetxeak, desfasea eta borrokak jasotzen dira.
Aurkezpena egin eta gero, liburuari buruzko mahai ingurua egingo dute. Jarduera horiek interesa daukaten herritarrei irekita egongo direla gogoratu du Bermeoko udal liburutegiak, eta, horrenbestez, herritar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera eta solasaldira bertaratu daitezen.