Xixili Gimnastika Taldeak
25 urte betetzen ditu aurten, eta egindako lan garrantzitsuaren berri eman eta hori omentzeko
hainbat ekimen antolatu dituzte ekainerako.
Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol zinegotzia eman du prestatutako ekitaldien berri, Xixili Gimnastika Taldeko Bego Usandizaga lehendakariarekin eta Gotzone Goienetxea ordezkariarekin batera.
Irune Ormaetxea, Xixiliko Bego Usandizaga eta Gotzone Goienetxearekin.
1993tik gaur arte. Hala,
ekainaren 8tik 17ra bitartean Gimnastika Taldearen
erakusketa eskainiko dute Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan. Erakusketan taldeak 25 urteetan erabilitako maillotak ikusi ahalko dira, denbora pasa ahala modak eta materialak nola aldatu diren ikusiz.
Horrez gain, erakusketan taldetik pasa diren kirolari eta entrenatzaileen argazkiak ere izango dira, irabazitako kopekin eta dominekin batera, Xixiliren historia gogoratzeko asmoagaz. Ildo berean, bideo eta argazki proiekzioak eskainiko dituzte aretoan. Erakusketaren ordutegia hau izango da: astegunetan 19:00etatik 20:30era, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 19:00etik 20:30era. Ekainaren 16an itxita egongo da.
200 kirolariren ikuskizuna. Ekainaren 16an, taldeko kide diren 200 gimnastikalariek
ikuskizun berezia eskainiko dute
Araneko Kiroldegian 10:00etatik 13:00ak bitartean. Horrela, Gernikan zein Bermeon entrenatzen duten eskualdeko hainbat herritako kirolari guztiak batuko dira urtean zehar egindako lana erakusteko asmoagaz.
“Gimnastika erritmikoaren jaia” izango dela adierazi dute Xixilikoek, “adin eta maila guztietako gimnastikalariekin”. 3 urtetako kirolariekin hasita, 22 urterainoko kideak daude taldean. Ekimena
“benetan ikusgarria” izatea espero dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte “ikuskizunaz gozatzera”.
Ekitaldi berezi horretan Xixili taldea existitzea posible egin dutenei omenaldia egingo zaie, bereziki Andres Uriondori, taldearen 25 urteetan “ardatza” izan dena: “Andres Uriondok lan handia egin du Bermeon gimnastika erritmikoa presente egoteko eta hori bultzatzeko”, adierazi dute taldekoek. Bera izan da, bere emazte Bego Usandizagarekin eta Macarena Millanekin batera, taldearen sortzailea, eta eskualde guztian gimnastika erritmikoaren zaletasuna bultzatzeko “gogor lan” egin duela azpimarratu dute. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko erakustaldi horretan “merezitako omenaldia” egingo zaio.
Ikuskizuna bukatu ondoren, ohitura denez, Xixili eskulturari
lore eskaintza egingo zaio, eta ostean, bazkaria egingo dute Kamiñokon. Bazkarira “Xixili taldean urte guzti hauetan hala edo nola parte hartu duten guztiak” gonbidatuta daudela adierazi dute antolatzaileek. Ekitaldiekin “taldeak eta kirolariek egiten duten lana» erakutsi, eta “emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera eman” nahi dute.
Hirugarrenak Euskadiko Txapelketan. Zapatuan, Xixili Gimnastika Taldekoak Durangon egon ziren,Euskadiko txapelketan, eta bertan hirugarren postua lortu zuten Kadete A mailan. Usandizagak adierazi duenez, 2017-2018 ikasturtea dagoeneko bukatuta, “Xixili Taldea oso pozik eta harro” dago emaitzekin, izan ere, “lan gogorraren emaitza” dira.