Markina-Xemeinek aurrera egin du Bizkaiko Herriarteko Txapelketan
Asko sufrituta, baina Bizkaiko Herriarteko Txapelketan aurrera egin du Markina-Xemein Esku Pelota Taldeak. Horrela, aste honetan finalaurrekoa jokatuko dute Zeanuriko taldearen kontra. Barikuan izango dute joaneko partidua, 19:30ean, Zeanurin.Tanteoak ...
Tanteoak erabaki zuen pasea, izan ere, berdinketa egon zen bi taldeen artean: joaneko partiduan 1-2 irabazi zion Markina-Xemeinek Dimari, eta joan den zapatuan Markina-Xemeinen jokatu zen bueltako jardunaldian 1-2 galdu zuten bertokoek.
Kadeteek 22-4 galdu zuten, eta gazteek, berriz, 22-1 irabazi; beraz, nagusien partidua erabakigarria bihurtu zen. Galduz gero ere, Dimaren kontra jokatutako partidu guztietako emaitzak kontuan hartuta, gutxienez 13 tanto behar zituen Markina-Xemeingo taldeak aurrera egiteko. Nahiz eta galtzen hasi, hasieran tanto gutxiren aldeagaz ibili ziren bikoteak, baina indar guztiak partiduan jarri, eta 19-9 tantoko aldea ateratzea lortu zuten Dimakoek. Finalaurrekoetarako txartela ihes egitekotan bazegoen ere, Markina-Xemeingo pilotariak ez zeuden ahalegindu barik amore emateko prest, eta 20-13 jartzea lortu zuten. 22 eta 16 amaitu zuten partidua, txapelketan jarraitzeko puntua eskuratuz.
Finalaurreko gaitza
«Bagenekien gaitza izango zela, eta, gainera, Dimako nagusien bikoteak hobeto jokatu zuen Markina-Xemeinen», azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo taldearen entrenatzaileak. Eta Zeanuri ere aurkari gogorra izango dela dio. Lea Ibarraren kontra jokatu zuten asteburuan, eta herriartekotik kanpo utzi dute taldea. «Talde gaitza da, bikote onak dituzte eta. Hala ere, finalaurrekoetara heltzea ere ez da gutxi guretzat. Azken hamar urteetan zortzi finaletan egon gara, eta zenbaki onak direla uste dut».
Printzipioz, talde bera eramango du Zeanurira Markina-Xemein Esku Pelota Taldeak. Hala ere, gaurko eta hurrengo egunetako entrenamenduetan erabakiko duela azaldu du entrenatzaileak, «pilotarien eskuen edo nekearen arabera».