San Migelek eta Jauregik irabazi dute Mendi Jaiko lasterketa
Ibon San Migel lekeitiarra eta Amaia Jauregi dira Mendi Jaiko lasterketaren irabazleak. Urdaibai Koparen hirugarren proba izan dena domekan lehiatu zuten Gernika-Lumon. 78 korrikalarik burutu zuten 17,5 kilometroko mendi lasterketa.Proba hasi eta ordub...
Proba hasi eta ordubete, 25 minutu eta hamazazpi segundora helmugaratu zen San Migel. 2 minutu eta 42 segundora heldu zen Unai Santamaria, eta Mikel Monasterio izan zen hirugarrena; San Migelengandik 3 minutu eta 12 segundora amaitu zuen Monasteriok.
Oihane Perezek eta Itsaso Ballazek osatu zuten emakumezkoen podiuma. Jauregik 11. sailkapen orokorrean ordubete, 46 minutu eta 43 segundoko denbora egin zuen helmugan. Harengandik 3 minutu eta 4 segundora sailkatu zen Perez. Ballazek, berriz, 2 ordu, minutu 1 eta 52 segundotan amaitu zuen lasterketa.
Giro itzela eduki zuten VI. Mendi Jaian. Eguraldia lagun, ehunka pertsona elkartu ziren mendi lasterketan, BTTan eta mendi martxa luzean zein laburrean.
619 euro Aulestiarentzat
Gainera, guzti horien elkartasunari esker, Arrolape Mendi Klubak 619 euro bildu zituen Donohue sindromea duen Maialen Aulestia umeari laguntzeko #gomaialen ekimenaren bidez.
Bestalde, aurten ere Mendi Jaia koloreztatu dute Pasealekuan. Kzn, As eta Pkm artistek graffiti erraldoia egin zuten probak iraun bitartean. «Eguraldi itzela izan genuen, eta parte hartzeagaz pozik gaude. Izan ere, inguruan hainbat ekitaldi egon ziren, Lekeitioko Eskola Publikoen jaia, esate baterako. Hala ere, bertotik zein kanpotik jendea hurbildu zen. Gure helburuetako bat emakumeen parte hartzea bultzatzea da, eta urtez urte kopurua igotzen doa. BTTan gutxiago egon ziren, eta hori erronka bat da guretzat».