Inoizkorik jende gehien batu da Kamiñazpi auzoko jaietako paella janean
Ia 340 lagun batu dira herri bazkarian. Jai batzordeko kideek balorazio oso positiboa egin dute. Paella janaz gain, playback lehiaketa eta musika kontzertuak izan dira ekintza jendetsuenakBariku eta zapatuan Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak ospatu di...
Ia 340 lagun batu dira herri bazkarian. Jai batzordeko kideek balorazio oso positiboa egin dute. Paella janaz gain, playback lehiaketa eta musika kontzertuak izan dira ekintza jendetsuenak
Bariku eta zapatuan Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak ospatu dira. Jaiak amaituta, pozik agertu dira jai batzordeko kideak. Balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek. «Bazkari herrikoian inoizkorik jende gehien batu da aurten. Ia 340 lagun batu gara bazkaritan. Horrenbeste jende bazkaltzen batzea oso pozgarria da. Jendea ere gustura ikusi genuen, gainera».Jaietako txupina barikuan bota zuten, eta ordundik domekako ordu txikiak arte, giro ezin hobea egon da auzoan. Jendetza batu da Kamiñazpiko parkean, eta nabarmendu dutenez, jaiak oso ondo joan dira. Gaineratu dutenez, euri gutxi egin du aurten. «Euria iragarrita bazegoen ere, azkenean nahikoa siku egon da. Ez du beste munduko zaparrada gogorrik egin, eta azkenean, egitarauko ekintza guztiak egin ahal izan dira. Zapatu iluntzean egin zuen euri apur bat, baina askorik ez, beroa freskatzeko beste».
Paella janaz gain, ohi modura, playback lehiaketa eta musika kontzertuak izan dira jaietako ekintzarik arrakastatsuenak. Barikuan egin zen playback lehiaketan zortzi taldek parte hartu zuten, eta denek ere ondo landuriko koreografiak eskani zituzten parkean baturiko publikoaren gozamenerako. Epaileen erabakiz, Bixotz gorriak taldearena izan zen playbackik onena. Taldeak Cyndi Lauperren Girls just wanna have fun kantua taularatu zuen. Koreografia onenaren saria, berriz, Txotxin kuadrillarentzat izan zen, Queen talde ezagunaren I want to break free kantuagaz.
Musikak, bestalde, garrantzia handia izan du auzoko jaietan. Unanue Udal Musika Eskolako ikasleek girotu zuten bariku iluntzea, eta gauean eskualdeko Azalera taldearen txanda izan zen. DJ Jotatxok kantu dantzagarriekin girotu zuen parkea goizaldera arte. Zapatuan, bestalde, Hara eta Ze esatek taldeek ere jendetza batu zuten, eta parranda goizaldera arte luzatu nahi izan zutenek DJ Jusseffen doinuekin gozatzeko aukera izan zuten. Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran bertsolariek ere ederto girotu zituzten bazkari aurreko uneak eta ondorengoak.
Jaietan kirola ere egiteko tartea izan dute auzotarrek. Zapatu goizean Kamiñazpiko XIV. Pala txapelketa egin zen, eta bertan parte hartu zuten hamahiru bikoteen artean onenak Igor Iriondo eta Julen Ormazabal izan ziren. 22-17 irabazi zioten Xabier Arrizabalaga Txirloi-ri eta Aratz Arantzamendiri. Aurrera Txirrindu Elkartearen eskutik, ostera, Txirrindu Ginkana parte hartzeko aukera izan zuten gazteenek.