Bermeopedia proiektua lantzeko hitzordua eskainiko dute, etzi
Euskal wikilarien elkarteak Bermeok euskarazko wikipedian daukan presentzia areagotzeko hainbat eskari egin ondoren, Bermeoko Udalak proiektua martxan jarriko du.
Bermeo eta bermeotarrei buruzko informazio asko badago ere, informazio hori “hobetu daitekeela” uste du udalak. Hori dela eta, Bermeopedia izeneko proiektua martxan jartzea erabaki dute, “informazio librea gehitzeko” asmoagaz.
Proiektua aurkezteko eta lantzeko, eguaztenean, 19:00etan, Bermeoko kultur etxean hitzordua egingo dute. Udaletik euskarazko wikipedian parte hartu nahi duten pertsonei eta Bermeori buruz “idatzi barik dagoenaren egile” izan nahi dutenei joatera animatu diete.
“Bermeoko historia, bermeotarren biografiak, gure ingurune, paisaia edo kultura, gure ohiturak edo euskera, azken finean, Bermeori buruzko ezagutza guztien esku jartzearen alde dauden herritarrek, hitzordu garrantzitsua dute ekainaren 6an”, adierazi dute udaletik.