'Allegoria Total' arte garaikideko erakusketa inauguratuko dute

Iaz kartzela izan zen moduan, aurten Arretxinagako San Migel baseliza arte garaikidearen erakustoki bihurtuko da ekainean. Allegoria Total izeneko erakusketa dakar orain Markina-Xemeinera Harriak programak. Harriak Eusko Jaurlaritzaren Eremuak ekimenar...

Iaz kartzela izan zen moduan, aurten Arretxinagako San Migel baseliza arte garaikidearen erakustoki bihurtuko da ekainean. Allegoria Total izeneko erakusketa dakar orain Markina-Xemeinera Harriak programak. Harriak Eusko Jaurlaritzaren Eremuak ekimenaren baitako programa da, eta herri txikietan sorkuntza garaikidearekiko sentiberatasuna bultzatu eta artearen inguruko lan eta bitartekaritza prozesuak ikustaraztera bideratuta dago.

Bihar inauguratuko duten erakusketaren bidez, Bilbo, Hondarribia eta Cadizko hiru artisten lanak ezagutu ahalko dira ekainaren 17ra bitartean: Ander Sagastiberri Fernandez (Bilbo, 1988), Miren Candina (Hondarribia, 1994) eta Pablo Marte (Cadiz, 1975). Hiru artisten margo eta proiekzioak egongo dira ikusgai; erakusketaren komisarioa Dani Mera izango da.

Bihar 11:30ean bisita gidatua egingo da artistekin eta komisarioagaz batera, eta 12:00etan egingo dute irekiera ekitaldia. Horrez gain, Mirari Etxabarriren Cuerpos 1, Santa Agueda (2017) pelikula emango dute ekainaren 17an, 12:00etan, ermitan bertan, eta artistagaz solasaldian jarduteko aukera egongo dela aurreratu dute.

Erakusketa ikusgai egongo da astelehenetik domekara bitartean, 12:00etatik 20:00etara.