500 pertsona inguruk aurrez izena eman dute VI. Mendi Jaian
VI. Mendi Jaia egingo dute domekan, Gernika-Lumon. Beste urte batez, 500-600 pertsona biltzea espero dute antolatzaileek.
Astelehenean itxi zuten aurrez izen ematea. Internet bidez 510 pertsonak eman dute izena: 200 pertsonak mendi martxa luzean, 170 pertsonak laburrean eta 70na pertsonak BTTan eta mendi lasterketan.
Etzi proba bakoitza hasi aurretik ere izena emateko aukera egongo da.
Urdaibai Koparen hirugarren proba da Gernika-Lumokoa. Korrikalariek 17,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, bai eta mendi martxa luzean parte hartzen dutenek ere.
Martxa laburra, ostera, 8,5 kilometrokoa da, eta BTT proban bi ibilbide daude aukeran: 28 kilometrokoa eta 42 kilometrokoa.
Martxa luzeko partaideak izango dira goiztiarrenak; 09:00etan dute irteera ordua. Ordu erdi beranduago aterako dira txirrindulariak.
Korrikalarien proba 10:30ean hasiko da, eta ordu erdira abiatuko dira martxa laburrean izena ematen dutenak.
Kirola eta elkartasuna
Euro solidarioari esker, Donohue sindromea duen Maialen Aulestia umeari laguntzeko helburua du aurtengo Mendi Jaiak. Hain zuzen ere, izen emate bakoitzeko euro bat jasoko du haren familiak.
Donohue Sindromea gaixotasun arraro bat da, ez dago tratamendurik edo sendabiderik sindrome horri aurre egiteko. 50 kasu ezagutzen dira munduan; Espainiako estatuan hiru kasu diagnostikatu dituzte, eta gaur egun, Aulestia da gaixotasun horregaz dagoen ume bakarra.
Iaz Wolf Hirschhorn o 4p-Sindromea Fundazioari 1.000 euroko txekea eman zioten, gaixotasun arraro horren ikerketan laguntzeko.