Herriko dantzarien eskutik datoz gorpuztiak
Jai usaina nabari da dagoeneko Ibarrangelun. Bihar Gorpuzti Eguna ospatuko dute, eta etzi jaurtiko dute txupina. Lorea dantza taldeko beteranoek irakurriko dute herriko jai nagusien aurtengo pregoia.Tradizioan oinarritutako herriko jai nagusiak hasteko...
Jai usaina nabari da dagoeneko Ibarrangelun. Bihar Gorpuzti Eguna ospatuko dute, eta etzi jaurtiko dute txupina. Lorea dantza taldeko beteranoek irakurriko dute herriko jai nagusien aurtengo pregoia.
Tradizioan oinarritutako herriko jai nagusiak hasteko dena prest daukate Ibarrangelun. Bihar Gorpuzti Eguna ospatu, eta barikuan herriko jai nagusien txupina dute ibarrangelutarrek.Aurten Lorea dantza taldeko nagusienek irakurriko dute pregoia, eta jarraian txupina jaurtita hasiko dira ofizialki gorpuztiak. Hala, domekan pregoilari lanetan ariko dira taldeko helduak, eta domekan umeen txanda izango da. Mezaren ostean dantzatuko dute herriko txikienek.
Barikuko txupinazoaren aurretik, baina, herriko marinel eta arrantzale ohiek urteko hitzordu berezia dute. Azken urteetan legez, Lagako Toki Alai Jatetxean bazkalduko dute. Goizean itsasontzian aterako dira, kresal usaina arnastuz garai bateko kontuak gogoratzeko.
Zapatu eguerdian, Bermeoko erraldoi eta buruhandien eta eskualdeko dultzaineroen bisita jasoko dute, eta bazkalorduan Ibaetako frontoian elkartuko dira, giro ederrean. Betiko moduan, Esteibarrek eta Obietak izango dute bazkalostea alaitzeko ardura, eta arratsaldean eta gauean ere musikarik ez dute faltako.
Domeka arratsaldean ere gozatzeko hamaika aukera izango dute ume eta gaztetxoek, puzgarrietan, apar jaian eta quad zirkuituan.
Halaber, hurrengo asteburuan paellak egiten ariko dira kuadrilletan batuta. Baina arratsaldeko binakako eskupilota partiduak sortuko du ikusmina. Titin pilotari errioxar ezaguna egongo da Ibarrangelun; Arrizabalagaz bikotea osatu, eta Uriona eta Uriondoren kontra ariko dira zein baino zein gehiago.
Bestalde, ekaineko azken domekan, mendi ibilaldia eginez agurtuko dituzte gorpuztiak. Bederatzigarren urtez egingo dituzte nagusien eta umeek mendi martxak.