Euskararen Plan Estrategikoa moldatzeko batzarra egingo dute gaur
Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko hirugarren batzar irekia egingo dute gaur, Gernika-Lumon.Euskara Batzordeak deitutako bilera 18:30ean egingo dute Kultur Etxeko erakusketa gelan, eta batzordeko kideek herritarrei bertaratzeko deia egin ...
Euskara Batzordeak deitutako bilera 18:30ean egingo dute Kultur Etxeko erakusketa gelan, eta batzordeko kideek herritarrei bertaratzeko deia egin die, «bilera irekia» dela azpimarratuz.
Aurreko batzarretan 2023. urterako dagoeneko irudikatu duten euskararen egoera lortzeko zer egin dezaketen eta zer falta den zehaztera bideratuko dute hirugarren batzarra; aztergai bakarra izango dute oraingoan. Izan ere, bigarren batzarrean aztertu eta zehaztutakoa osatuko dute.
Bigarren batzarra
Duela hilabete bat 2023. urtean Gernika-Lumon euskararen egoera zelakoa izatea nahi luketen aztertu zuten batzordean.
Euskararen transmisioa burutzeko helburu estrategikoaren barnean, besteak beste, 2023an «etxean euskararen erabilerak gora» egitea gustatuko litzaiekela zehaztu zuten, bai eta ere euskararen egoera eskoletan igotzea eta euskalduntze alfabetatze zerbitzuak doakoak izatea.
Administrazioari dagokion atalean, udal zerbitzuak %100 euskaraz eskaintzea nahiko luketela esan zuten. Gainera, hizkuntza ohiturak euskaraz izatea sustatu nahi dute Plan Estrategiko berriagaz. Izan ere, herritarren lehenengo hitza euskarazkoa izatea gura dute, eta horretarako lanean ari dira.
Arlo sozioekonomikoan, bost langile baino gehiago dituzten enpresek Euskara Planak izatea «beharrezkotzat» jo zuten bigarren batzarrean, eta enpresa munduan euskararen erabilera bultzatu eta areagotu behar dela esan zuten.
Kirolean, berriz, besteak beste, 2023. urterako Gernika-Lumoko elkarte nagusiak euskara hutsean aritzea aurreikusi zuten bileran.
Hirugarren batzarra, beraz, helburu horiek aurrera eramateko zer egin daitekeen zehaztera bideratuko dute.