Bizkaiko lehen jaunaren kondaira gogoratuz
Arku tiroen erakusketa, joko bikingoak, bazkaria, kontzertuak... Denetarik prestatu zuten zapatuan Jaun Zuriaren jaialdia ospatzeko Mundakan; herria girotu zuten bikingoei ongietorria emateko.Jaun Zuriaren kondaira bizi zuten zapatuan, Mundakan, herrik...
Arku tiroen erakusketa, joko bikingoak, bazkaria, kontzertuak… Denetarik prestatu zuten zapatuan Jaun Zuriaren jaialdia ospatzeko Mundakan; herria girotu zuten bikingoei ongietorria emateko.
Jaun Zuriaren kondaira bizi zuten zapatuan, Mundakan, herrikoek prestatu zuten jaialdiagaz. Egun osoan jardueraz bete zuten udalerria, eta eguraldi zoragarriaren laguntzagaz, bikingoen lehorretaratzea irudikatu zuten antzerki herrikoian.Lehen aldia dute Jaun Zuria jaialdia ospatu dutena, eta antolatzaileek diotenez, dena «itzel» irten zen. Herriko biztanleek eta elkarteek prestatu zuten jaialdia txapelketa batean aurkeztutako ideia baten ondorioz jaio zen. Antzerkiaz gain, Bizkaiko Jaun Zuriaren batailak eta historia berpizteko ideiagaz, Mundakan IX. mendeko kanpamentu bat eraiki zuten.
Kondairaren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko Jaurerriko sortzailea izan zen, lehen jauna. Batzuek diotenez, euskal mitologiako Sugaar izakiaren eta Mundakako printzesa baten semea zen Jaun Zuria, eta Padurako Guduan bizkaitarren eta Leongo erresumako tropen arteko batailan parte hartu zuen.
Jaun Zuria ezagutzera emateko, bikingoen lehorretaratze bat antzeztu zuten Mundakako 50 lagun inguruk. Antolatzaileak «oso pozik» geratu dira antzezlanagaz: «Beldurra genuen, halako zerbait egiten genuen lehen aldia zen, eta ez gara profesionalak». Lehorretaratzerako txalupa bat bikingoen Drakkar itsasontzien modura apaindu zuten, eta Laidatxuko hondartzan egin zuten antzezlanaren lehen atala. Ondoren, herriko Talara joan ziren, bertan borrokak irudikatuz.
«Akats tekniko txiki batzuk kenduta, oso ongi irten zaigula uste dugu». Gainera, «jende asko» hurbildu zela nabarmendu dute, eta eguraldi onagaz batera, «egun ederra» pasatu zutela. Jaialdiak mundakarrek elkar ezagutzeko balio izan duela adierazi dute antolatzaileek, «belaunaldien arteko harreman» bat sortuz. Eta beraientzat, hori da, hain zuzen ere, lan hori egitearen alderik-eta «positiboena».
Laguntza guztia behar
Jaialdia aurrera eramatea «parte hartzaile guztien lanari esker» bakarrik izan dela eman dute aditzera, eta etorkizunerako asmoei buruz galdetuta, datorren urtean jaialdia berriz errepikatzekotan «herriaren laguntza guztia derrigorrezkoa» izan- go dela aitortu dute.