Harrotasuna hiru aste luzetan egindako lanagatik, poztasuna lortutako emaitzagatik, eta txaloak merezitakoagatik. Ongi etorri beroa jaso zuen Pello Bilbaok herrian, lagunek txalo zaparradagaz hartu baitzuten atzo iluntzean. Ez zen baina, merezi gabeko ongi etorria izan, txirrindularitzaren hiru itzuli nagusietako batean seigarren postua lortu baitu gernikarrak. Seigarren egin zuen lehen etapan eta horrela bukatu zuen Italiako Giroa.
Izen handiko kirolari handiekin helmugaratu zen etaparo, eta hasierako taldeagaz tinko mantendu zen. Lan horrek bere fruituak eman zituen, azken sailkapenean seigarren postua lortuta iritsi baitzen Gernika-Lumora. Bertan, ezusteko harrera egin zioten lagunek. Familiakoak, lagunak, gazte zein nagusiak bildu ziren bertan, baita Haritz Orbe eta Amets Txurruka ziklista ohiak; harrera hunkigarria bihurtuz.
Pello Bilbaori harrera egin zioten lagunek
Emozioa nagusitu zen ongi etorrian, aurreskua dantzatu eta bertsoa kantatu baitzioten gertukoenek. Froome, Dumoulin, Lopez, Carapaz eta Pozzovivoren atzetik sailkatu zen, baina lagunek bera dela txapelduna esan zioten bertsoagaz. Gainera, herrira ekartzeko garaipen gehiagoren bila joateko esan zioten lagunek, eta entrenatzeko orduan bera dela onena gehitu zuten.
Giroan bigarren aldiz parte hartu duen Astanako ziklista zoriondu zuten lagunek, Giroko momentuak gogoratzen zituen bideo baten bidez. “Txirrindularitzan bizitzen diren momentu txarrak onak baino askoz gehiago dira. Eta horietan laguntzeko prest gaude lagunak eta familiakoak; momentu horiei buelta emateko. Baina gaur, momentu oso poza bizitzeko batu gara”, adierazi zuten lagunek atzoko harrera ekitaldian. Gainera, pozez, “Pellogatik oso harro” daudela esan zuten, harro Italiako Giroan seigarren geratu den lagunaz: “Guretzako bera da munduko onena, galdu zein irabazi horrela izango da beti”.
Pello Bilbaok emozionatuta erantzun zuen, eta hiru asteetan jasotako “lagunen animo mezuak” eskertu zituen: “Ez nago ohituta horrelako egoerak kudeatzera, eta nire munduan egon naiz hiru astetan. Hala ere, atzetik izan zaituztet, eta horrek asko laguntzen du. Eskerrik asko guztioi”. Hunkituta eta hitz horiekin eskertu zien lagunei Giroan zehar emandako laguntza Astanako ziklistak.
Instituzioen zoriona. Lagunek eta familiakoek ez ezik, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko Alkateak eta Mikel Magunazelaia Foruko Udaleko ordezkariak ere ongi etorria eman diote gaur Bilbaori. Gernika-Lumoko udaletxean Bilbaoren lana baloratu dute eta “hiru astez Giroa jarraitzen adi-adi” egon dela aitortu du Gorroñok. Gainera, zorionak emateagaz batera, Frantziako Tourrean Bilbao ikusteko nahia duela esan du. Mikel Magunazelaiak bere partetik, forutar guztien izenean “eskerrak eta zorionak” eman dizkio Bilbaori. Opariak ere jaso ditu Pello Bilbaok, Gernikako ikurra eta txapela eman dizkio Gorroñok kirolariari; Magunazelaiak aldiz, Foruko armarria.
Harrera egin diote Gernika-Lumoko Udalean. Foruko Udaleko ordezkaria eta Gernika-Lumoko alkatea izan dira bertan.
Pello Bilbaok omenaldiak eskertu ditu, bai lagun zein udalena. “Eskerrik asko horrelako aitorpenagatik. Garrantzitsua da herriaren berotasuna jasotzea; herria atzetik dagoela ikustea”, esan du Bilbaok. Gainera, orain, herrien izena “zabaltzeko” aukera gehiago izango dituela adierazi du. “Ziklista modura hurrengo pausoa Tourrean debutatzea izango litzateke, ikusiko da horretarako denbora badagoen hemendik gutxira”.
ARGAZKI GALERIA ikusteko sakatu
hemen.