Euskararen Plan Estrategiko berria moldatzeko hirugarren batzarra egingo dute bihar
Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko hirugarren batzar irekia egingo dute bihar Gernika-Lumon. Euskara Batzordeak deitutako bilera 18:30ean burutuko da Kultur Etxeko erakusketa gelan. Euskara batzordeko kideek herritarrak hurbiltzeko deia egiten dute.
2023. urterako irudikatu duten euskararen egoera lortzeko zer egin dezaketen eta zer falta den zehaztea da hirugarren batzarrean aztergai izango duten gai bakarra. Izan ere, bigarren batzarrean aztertu eta zehaztu zuten zein den bertaratutakoen nahia.
Bigarren batzarra. 2023. urtean Gernika-Lumon euskararen egoera zelakoa izatea nahi zuten aztertu zuten. Euskararen transmisioa burutzeko helburu estrategikoaren barnean, besteak beste, 2023an “etxean euskararen erabilerak gora” egitea gustatuko litzailekela zehaztu zuten. Baita euskararen egoera eskoletan igotzea, eta euskalduntze alfabetatze zerbitzuak doakoak izatea.
Administrazioari dagokion atalean, udal zerbitzuak %100 euskaraz eskaintzea nahiko luketela esan zuten. Gainera, hizkuntza ohiturak euskaraz izatea sustatu nahi dute Plan Estrategikoagaz. Izan ere, herritarren lehenengo hitza euskarazkoa izatea gura dute.
Arlo soziekonomikoan, bost langile baino gehiago dituzten enpresek Euskara Planak izatea “beharrezkotzat” jo zuten, eta enpresa munduan euskararen erabilera bultzatu eta areagotu behar dela esan zuten. Kirolean berriz, 2023. urtean Gernika-Lumoko elkarte nagusiak euskara hutsean aritzea aurreikusi zuten.
Hirugarren batzarra, beraz, helburu horiek aurrera eramateko zer egin daitekeen zehaztera bideratuta dago.